AKTUALITATEA

| 2024-09-18

Nerea Kortajarena EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileari elkarrizketa egin diote ETB1eko 'Egun On' saioan. Bertan, Eusko Jarularitza berriaren lehen 100 eguneko jardunaz galdetuta, Kortajarenak adierazi du formetan aurreko gobernuari emendakin bat dagoela. «Osakidetzaren kasuan, arazo estrukturala zegoela esaten genuenean, ez zitzaigun onartzen. Orain, Pradales berak esaten du hori. Formetako emendakin partzial hori politika zehatzetan gauzatzen den ikusiko dugu», esan du. Hain zuzen ere, osakidetzaren egoera ere hizpide izan dute elkarrizketan. «Anbizioa izan behar dugu merezi dugun osasun sistema izateko. Kezkagarriak dira osasun sailburuaren adierazpenak: orain, entzuten duen Osakidetza omen dugu. Lehen ez al zuen entzuten?», galdetu du bozeramaileak. 

Gaurkotasun poitikoari jarraiki, gutxieneko soldatari buruz, honakoa azpimarratu du Kortajarenak: «Oso argi daukagu gure errealitate sozioekonomikora egokitutako gutxieneko soldata behar dugula. Orain arte, hau gauzatzea ezinezkoa zela esaten ziguten Jaurlaritzatik. Orain, beraiek proposatzen dute. Zaindu beharko da prozesua, zenbatekoa zein den adosteko. Jaurlaritzari jarrera proaktiboa izatea eskatu diogu beti, eta gai honetan ere izan daiteke».

Kurtso politiko berrian nagusi den gaia da Estatus politikoa eta Legebiltzarreko lehen lan saioetan eztabaida guztien ardatz. «Atzo Ubarretxenak estatus berriaz hitz egin behar genuela esan zuen, eta ikusi genuen gobernua sustengatzen duen alderdi bat oposizioa egiten. Guk ere uste dugu eztabaida estatus politiko berriaeri buruzkoa izan behar dela. Eskuduntza mutilatuak ditugu eta horiek bermatzeko tresnak behar ditugu. Eztabaida lasai eta betorik gabe egin behar dugu», aldarrikatu du EH Bilduren bozeramaileak. Kezkatutu agertu da zentzu horretan, EAJren eta PSEren arteko desadostasunekin. 

«EAJ eta PSEren arteko eztabaidak erakusten du herri proiekturik ez duela aliantza horrek. Desabenientziak agerikoak dira estatus politikoan, etxebizitzan, AHTn, hezkuntzan... Non dago herri ikuspegia eta interes komuna aliantza horretan?», esan du Kortajarenak.