AKTUALITATEA

| 2020-08-04

"Juan Carlos Borboikoa badoa, baina Felipe eta monarkia geratu egingo dira. Espainiako monarkiaren benetako izaera ustela eta antidemokratikoa ezkutatzea helburu duen operazioa da. Juan Carlos Borboikoaren ihesaren helburua Felipe VI-a, Espainiako monarkia, 78ko erregimena eta Juan Carlos Borboikoa 'ikur' den trantsizio okerraren benetako funtsa babestea da". Modu horretan salatu du EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak justiziaren aurrean kontu eman gabe Juan Carlos Borboikoak ihes egin izana.

EH Bilduren ustez, Espainiako monarkiari bere pribilegioei eusteko eta justiziari konturik eman gabe eta azalpenik eman gabe ihes egiteko aukera ematen ari zaio. Honela azaldu du Aizpuruak: "Ustelkeria delitu oso larriez ari gara, hala nola ihes fiskala, kapitalak zuritzea eta paradisu fiskaletan dirua mugitzea. Delitu oso larriez ari gara, eta beste edozein herritarrek egin izan balitu, kartzelan legoke".

HERRITARREI HITZA EMATEA

Aizpuruaren aburuz, horrelako erabakiek Espainiako monarkiarekiko arbuioa areagotzen dute. "Eta ez bakarrik Euskal Herrian. Herritarrei zuzenean zein Estatu eredu nahi duten galdetzeko unea da. Gaur egun, inoiz baino gehiago, berdinen Euskal Errepublika askearen aldeko apustua egiten dugu, demokrazian eta herriaren borondatean oinarrituta", nabarmendu du EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak.

Aizpurua harrituta mintzatu da Espainiako Gobernuaren gehiengoak egungo erregearen ustezko eredugarritasunari eta gardentasunari heldu diolako berriz ere, "ezer gertatu ez balitz bezala egiteko". EH Bilduko ordezkariak argi dauka "Juan Carlos Borboikoaren irudia sakrifikatzeko eta monarkia salbatzeko" Estatu operazio bat dagoela atzoko erabakiaren atzean: "Felipismoaren mitoa 'eredugarritasunetik' eraikitzen saiatzen dira, juankarlismoaren aurrean".

CARMEN CALVOREN AGERRALDIA

Aizpuruak gogorarazi du EH Bilduk lanean jarraituko duela irregulartasun guztiak ikertzeko, egia ezagutzeko, zigorgabetasunari amaiera emateko eta herritarrei hitza emateko.

Ildo horretan, gaur goizean bertan, Carmen Calvo presidenteordearen presazko agerraldia eskatu du indar subiranistak Kongresuan ERCrekin batera, Espainiako Gobernuak Juan Carlos Borboikoaren ihesean izan duen erantzukizuna argitu dezan eta gertakari horren inguruan Espainiako Gobernuaren eta Errege Etxearen artean izandako negoziazioen berri eman dezan, ustelkeria-delituen, zerga-ihesaren eta kapital-zuriketaren akusazioak daudela kontuan hartuta.