EH Bilduk bere III. Konferentzia Munizipalista egiten ari da, Azpeitian. Etxebizitza, zaintza, trantsizio ekosoziala eta gobernantza eredua landuko dituzte bertan ezker subiranistako ia 500 ordezkari. Harrera ekitaldia egin da, goizean, Soreasu Antzokian. Bertan hitza hartu du Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta EUDELeko lehendakariordeak. Horrez gain, Xabi Thicoiope EH Bairen udal politikarako arduradunaren bideoa emititu da harrera ekitaldian. Izan ere, EH Bildu eta EH Bai egun berean egiten ari dira beren konferentzia munizipalista, kasu honetan, Angelun.
Nagore Alkortaren hitzartzea:
Aukera hau baliatu nahi dut EH Bilduko komunitate osoaren partetik eskerrak emateko alkateei eta haien taldeei, zuen bizilagunen ongizatea bermatzeko egiten ari zareten lan eta egiten duzuen sakrifizioagati. Badakit zertaz ari naizen, eta badakit ez dela erraza. Badakit zuen egunerokoan oztopo asko gainditu behar dituzuela, finantza eta baliabide faltaren ondorio gehienak. Baina egiten duzue. Eta gaur eskertu nahi dizuet.
Zentzu horretan, Konferentzia Munizipalista honetan hainbat gai jorratuko ditugu, baina orain etxebizitzaren gaiari heldu nahi diot. EH Bilduko alkateok eta udalok gorputz eta arima ari gara pertsonen ongizateari eta bizi proiektuei eragiten dien arazo hori konpontzeko. Gure udal baliabideen zati handi bat konponbideak bilatzera eta etxebizitzaren arazoa konpontzeko politika berritzaileak abian jartzera bideratu behar dugu. Oztopoen, boikoten edo bidean jartzen gaituzten arazoen gainetik, EH Bilduko alkateek etxebizitzaren arloan duten konpromisoa erabatekoa da. Eta hala izaten jarraituko du.
Aitzindariak izan gara EH Bilduko udalak. Orereta-Errenteria gune tentsionatua izendatu zuten Euskal Herriko lehen udalerria izan zen; aitzindariak izan gara hemen Azpeitian, hutsik dauden etxebizitzen kanonarekin. Eta etorriko dira udalerri gehiago eta neurri gehiago EH Bilduren aldetik. Etxebizitzarena lehentasun osoa delako guretzat. Eta bide honetatik jarrai dezazuen eskatu nahi dizuet. Katalunian abantaila hartu digute, han lehenago has izan zirelako, baina ezarrita dauden politikek alokairuen prezioa jaistea lortzen ari dira. Esaten ziguten hori ez zela konponbidea. Bada, bai, posible da, eta bai, konponbide bat da. Ziurrenik beste gauza asko egin beharko dira eta erakunde guztiek beste neurri batzuk jarri beharko dituzte martxan, gai honek guztiok inplikatzen gaituelako, baina EH Bilduren eta bertako alkateen aldetik ez da lanik, konpromisorik eta ilusiorik faltako.