AKTUALITATEA

| 2022-04-08

Bel Pozueta Madrileko Parlamentuko EH Bilduko diputatuak eta Garbiñe Bueno Iruñeako zinegotziak hartu dute hitza EH Bilduk apirilaren 17an Iruñean ospatuko duen Aberri Egunaren egitaraua aurkezteko. 

Pozueta nabarmendu duenez, azken egunotan agerian geratu da euskara eta euskal kultura presente daudela Nafarroan, "inoiz baino biziago": "Herrialde honetan, batzuei ez gustatu arren, euskara gure bizitzen erdigunean dago. Aurten, herri honetako jendarteak eta kulturak pairatzen duen zapalkuntza eta ukazioak 500 urte betetzen ditu.Eta gaur, mende erdi geroago, baiezta dezakegu euskal herritarrak Nafarroaren hauspo izaten jarraitzen dutela. Eta, batzuei entzuteak min egiten badie ere, Iruñea Euskal Herriko hiriburu eta topagune izaten jarraitzen du, libre eta berdinen Euskal Errepublikaren hiriburu".

Zentzu horretan, gogora ekarri du autoritarismoa oso presente dagoela eta egon dela gure herrian: "Nafarroako euskaldunok ondo dakigu. Gaurko egunez ere, ez dira gutxi herri honi bere identitatea, bere historia, bere askatasuna eta bere kultura ukatzen diotenak. Ez dira gutxi edozer egiteko prest daudenak haien ideia autoritarioekin batez datorren edozein ahots isilarazteko".

Hortaz, jakinarazi du EH Bildurentzat, Aberri Eguna elkargune eta batasun eguna izan behar dela, herri hobe baten bidean aurrerapauso bat emateko eguna: "anitza, feminista, ekologista, zabala, plurala, askea eta, noski, euskalduna. Inflexio puntu bat izan behar da, mugarria, kulturen arteko dibertsitaterako elkargune bat. Gure proiektua gizarte osoari irekitzeko tresna bat, eta beraren parte bilakatzeko".

"Helburu horrekin egiten dugu lan EH Bildun, eta helburu horrekin batuko gara hemen, datorren igandean, beste urte batez Aberri Eguna ospatzeko. Bakearen, demokraziaren eta burujabetzaren alde", ondorioztatu du.

 

- Ondoren, Buenok egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu:

Aberri Egunaren ekitaldi nagusia 12:00etan GOLEMetatik abiatuko den manifestazioa izanen da. Manifestazioak hementxe bertan, -Sarasateko Pasealekuan, hots- eginen den ekitaldi politikoaz izanen du bukaera. Ekitaldiak hiru atal nagusi izanen ditu. Lehenik, EH Bilduko Iruñeko zinegotzia den Joseba Asironek ongi etorria emango die manifestaziora hurbildutako kide guziei, eta Amaiurko gazteluaren defentsaren oroimenaz ariko da. Ondoren, Izar Hernandok, EH Bilduko Gazte Idazkariak Aberri Egun hau etorkizunera begira kokatuko du. Azkenik, Arnaldo Otegik, EH Bilduko Koordinatzaile Nagusiak, Aberri Egunaren irakurketa politiko orokorra eginen du.

Aurtengo Aberri Eguna ez da manifestazio batera mugatuko. Elkartu eta egun hau behar den moduan ospatzeko aukerarik izan ez dugun bi urte hauen ostean, gure komunitatearentzat eta gure egitasmo politikoa partekatzen edo begirunez hartzen duten pertsona guzientzat topagune izatea ere nahi dugu.

Horretarako, goizean goizetik, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako joaldunek, trikitilariek eta gaiteroek Iruñeko kaleak girotuko dituzte manifestazioa abiatu aurretik, besteak beste, Euskal Herriko 123 herrietatik helduko diren autobusei ongi etorria emateko.

Behin ekitaldi politikoa amaituta, musikak eta dantzek Iruñeko kaleak hartuko dituzte berriro ere: trikitilariak, erraldoiak, buruhaundiak, Ekuadorreko dantzariak etabar ariko dira festa giroa aktibitatez beteriko arratsalde bati hasiera emanaz. Kale animazioaz gain, eguneko eskaintza kultural nagusia Gaztelu Plazan burutuko da. Bertan, Afrikans taldeak, dantzari nigeriarrek lagunduta, ikuskizun bat eskainiko dutelarik. Ondoren, McOnak taldearen kontzertua izanen da, eta amaitzeko, jotek eta Larrain Dantzak amaiera emango diote eguneko egitarauari.

Gaztelu Plazako ekintzez gain, Aberri Egunean Txikigune bat ere izanen da Burgoen Plazan.

 

Gora Iruñea, Gora Euskal Herria eta Gora Aberri Eguna!