AKTUALITATEA

| 2024-05-02

Euskadi Irratiko ‘Faktoria’ saioan elkarrizketatu dute EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpurua. Bertan, Pedro Sanchez Espainiako Presidenteak azkeneko asteotan piztutako eztabaida izan dute hizpide, «ustekabean harrapatu gintuen Sanchezen erabakiak. Baina moduei baino, ekintzei erreparatuko diegu eta geroak esango du. Momentu zehaztapenik ez dugu jaso. Espero dugu egunotako hausnarketak zerbaitetarako balio izatea eta neurriak hartzea sinesgarritasuna izan nahi badu. Denbora eman nahi diot», adierazi du Aizpuruak. 

Estatuan eta Europa mailan agerikoa den olatu autoritarioa ikusita, Aizpuruaren ustetan, «eskuin atzerakoiaren beto eta erasoei ekintzekin aurre egin behar diegu, ez kikilduta. Agenda demokratizatzaile sakon bat bat martxan jartzeko ordua da. Orain da momentua Botere Judiziala berritzeko, Sekretu Ofizialen Legea aldatzeko, Mozal Legea indargabetzeko eta lurralde eztabaida irekitzeko. Balia dezagun aukera», eskatu du bozeramaileak. 

«Lehen aldiz Pedro Sanchezek onartzen du defizit eta demokrazia falta bat dagoela, eta positiboa da behingoz begiak ireki eta ohartu izana, urteetan Kongresuan ukatu diguten arren», esan du Aizpuruak, eta nabarmendu Euskal Herrian aspalditik pairatu ditugula halakoak. «Erregenerazio demokratikoaren beharra eta lawfare kasuak ez dira berriak. Askotan sufritu ditugu hemen. Frankismoa ez da desagertu, ez zen hausturarik egon. Ultraeskuina Estatuaren egituretan txertatuta dago».

Halaber, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen osteko egoera politikoaz galdetuta, Aizpuruak adierazi duenez, «momentuak aprobetxatu egin behar dira, eta orain da unea akordio sendoak lortzeko, lurralde auziaren eztabaida irekitzeko eta autogobernuan aurrera egiteko ondoren Madrilera joateko. Arduragabekeria litzateke aukera alferrik pasatzen uztea».