AKTUALITATEA

| 2025-06-04

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak osoko bilkura monografikoa egin du gaur, ireki den agertoki ekonomiko berrian aberastasunaren sorrerari lotutako politika ekonomiko eta industrialaren norabideaz eta lehentasunez eztabaidatzeko. Izan ere, Pello Otxandianok adierazi duenez, “azken hamarraldietan hegemonikoa izan den paradigma ekonomikoaren porrotaren aurrean gaude” eta gaur egun, egoera honetan, “kontsentsu neoliberala hautsi egin da eta politika ekonomiko berri bat martxan jarri beste aukerarik ez dago, etorkizuna bermatuko badugu”.

Bada, EH Bilduk proposamen zehatzak egin ditu norabide horretan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan politika ekonomiko eta industrial berri baterantz urratsak egiten hasteko, guzti-guztiak EAJk eta PSEk atzera bota dituztenak:

  1. Finantzen Euskal Institutua Euskal Inbertsio Banku bilakatzeko aukera aztertzea. Ez gara institutua handitzeaz ari, baizik eta arkitektura instituzional finantzario berri batez, euskal eredu ekonomikoa eraldatzeko, autogobernua indartzeko eta trantsizio justu, jasangarri eta ekitatiboa bermatzeko.

 

  1. Etxebizitza Publikoak Sustatzeko Funtsa sortzea, datozen hamar urteetan 3.000 milioi euro aktibatzeko.

 

  1. Industriaren Herri Kontseilua osatzea, prospektiba estrategikoa egiteko.

 

  1. Euskal Enpresa Ereduaren aldeko herri-aliantza handi bat sustatzea, enpresa eredu bat bertan errotutakoa, inklusiboa, garaiko erronkekin erantzukidea eta langileen parte-hartzea artikulatuko duena.

 

  1. Elikadura industriaren eremuan: 10 urtetan, egunero jantoki publikoetan ematen diren 100.000 menuak bertoko elikagaiekin hornitzea.

 

  1. Administrazio Publikoaren Berrikuntza Zentroa sortzea, EAEko sektore teknologiko eta berrikuntzako eragileen ekosistemaz baliatuta, sistema instituzionalaren berrikuntza era integralean diseinatuko den gunea izan dadin.

 

  1. Ikerketa eta Garapenerako Agentzia Publikoa sortzea, ikerketa eta garapen estrategien norabidetzerako eta zientzia eta teknologia sarearen efizientzia areagotzeko.

 

  1. Ikerketa eta Garapeneko inbertsioa igotzea, 2030. urtean BPGaren %3,5ra iristeko.

 

  1. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua berritzea, erreferente nagusia izan dadin lana bilatu edota hobetzeko orduan bai langileentzat, bai enpresentzat. Horretarako, Lanbiden orientatzaile kopurua nabarmen handitu behar da, 2030ean gutxienez 750 izan daitezen.

 

  1. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari dagokionez, mekanismo zabal eta efektiboak ezartzea herritarren parte-hartze demokratikoa ahalbidetzeko, lurralde plangintzaren berrikuspenari lotuta.

 

  1. Sare elektrikoen gaineko inbertsioen erabakimenaren transferentzia eskuratzeko elkarlanean aritzea.

 

  1. EAEn energia elektrikoa merkaturatu eta banatzeko erakunde publiko berria sortzeko azterketa tekniko-juridikoa egitea, Kataluniako L'Energèticaren eredua erreferentzia gisa hartuta.

 

  1. Adimen Artifizialaren alorrean: Europar Batzordearen “AI Continent Action Plan” egitasmo estrategikoaren barruan, adimen artifizialeko faktoria bat (AI Factory) ezartzea. Modu horretan, datu-laborategietako datuak prozesatzeko gaitasun handiko konputazio azpiegitura eraikiko litzateke, euskal zientzia eta teknologia sareko kideek, enpresek eta erakunde publikoek adimen artifizialeko algoritmo konplexu eta lengoaia-eredu neuronal aurreratuak entrenatu eta doitu ahal izateko.

 

  1. Sektore eta eremu estrategikoetan (hala nola, osasuna, hizkuntza, fabrikazio aurreratua, energia, osasuna, mugikortasuna eta hirigintza) Datu Laborategiak sortzea proposatzen dugu. Datu Laborategiak eta Datuen Sistema Nazionala kudeatu eta egituratzeko, erakunde publiko bat sortu ahalko litzateke Europako Batzordea sustatzen ari den “Common European Data Spaces” estrategiari jarraiki.