AKTUALITATEA

| 2023-07-12

EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Zarautzeko Malekoian. Bertan hitza hartu dute Mertxe Aizpurua Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Jon Iñarritu Kongresurako hautagaiak, Maddalen Iriartek lagunduta.

Mertxe Aizpurua: "EH Bildu da eskuina geldiarazteko eta politika publikoetan ezkerretik azeleratzeko benetako aukerak dituen ezkerreko aukera bakarra Euskal Herrian"

EH Bildu gainerako alderdietatik bereizten duen faktorerik badago, politika egiteko duen modua da. EH Bildu jendearekin dago, jendea da; herritarren proposamenak entzun eta geure egiten ditugu; eta, batez ere, politika egiten dugu jendearekin. Ezker subiranistatik denbora daramagu konponbide eta lidergo berriak aldarrikatzen. Azken batean, politika egiteko modu berriak. Ez dugu esan bakarrik egiten, praktikan jartzen dugu. Gu ez gara besteak bezalakoak. Eta egiteko modu hori, politikan egoteko modu hori, gero eta gehiago saritzen eta eskertzen dute euskal herritarrek.

Gaur Zarautzen nagoela, Gipuzkoan, herrialde honi, nire herrialderi eta EH Bilduri buruzko hausnarketa egin nahi nuke. Gipuzkoan oso sustraituta daude lankidetza, elkarlana, seriotasuna eta zorroztasuna, euskara eta herria bera. Hori arlo guztietan ikus daiteke: ekonomian, kooperatibekin; hezkuntzan, ikastolen sorrerarekin; hainbat sektoretako elkarte ereduan... Gipuzkoako gizartearen egiteko modu hori oso lotuta dago EH Bildurekin. EH Bildu da, azken batean. Eta oso harro nago horretaz.

Euskal Herrian, eta bereziki Gipuzkoan, badakigu gauza guztien artean lehena herria dela eta bere balioen defentsa. Askotan egin eta frogatu dugu dagoeneko. Eta hauteskunde hauetan ere egin beharko dugu. Ezkerreko boto subiranista bat bera ere ezin da etxean geratu behar uztailaren 23an. Baina ez hori bakarrik. Egoera irakurtzen eta ulertzen jakin behar dugu, eta jakin behar dugu EH Bildu dela Euskal Herrian aukera bakarra, eta bereziki Gipuzkoan, eskuina geldiarazteko eta politika publikoetan ezkerretik azelerazioa emateko benetako aukerak dituena. Ezkerreko boto eta boto eraldatzaile guztiak bildu behar dira EH Bildun. Bizi dugun egoeraren aurrean, Euskal Herrian ezkerreko botorik ezin da bidean geratu. Onartu ezin dugun luxu bat da hori. Boto guztiak aprobetxatu behar dira eta euskal gizartearen eta Gipuzkoaren gehiengo handi batek eskatzen duen norabidean kokatu. Itxaropenaren norabidean, batzuek eraman nahi diguten beldurraren eta etsipenaren aurrean.

 
Jon Iñarritu: "Erakusten ari gara EH Bildurena proiektu baliagarria eta fidagarria dela Zarauzko jendearentzat, baina baita ere Oion, Bastida, Sestao, Portugalete edo Nafarroako Erriberako jende aurrerakoi eta ezkertiarrarentzat"

EH Bilduk helburu argiarekin jaio zen: Euskal Herriko subiranista eta proregista guztiak proiektu politiko beraren inguruan biltzea. Eta gure ibilbide osoan zerbait egin badugu, haztea da, gehiago izatea. Gero eta jende gehiagok egiten du bat EH Bilduren proiektu politikoarekin. Albiste ona da EH Bildurentzat, baina batez ere herri honentzat.

EH Bildu herri honetako gizon eta emakumeen etxe komuna da, politika beste era batera egin daitekeela uste duten guztiena, ezkerreko politikak eta politika aurrerakoiak, herri honen eta euskal herritarren balioak eta eskubideak defendatuko dituzten politikak. Hori da euskal herritarren zerbitzura jartzen dugun programa eta tresna. Eta horren inguruan jatorri politiko eta sozial desberdinetako pertsonak gaude. Erakusten ari gara EH Bildurena proiektu baliagarria eta fidagarria dela Zarauzko jendearentzat, baina baita ere Oiongo, Bastidako, Sestaoko, Portugaleteko edo Nafarroako Erriberako jende aurrerakoi eta ezkertiarrarentzat. EH Bildu hedatzen eta hazten ari den indarra da. Uztailaren 23an herritarrek aukera berri bat dute EH Bilduren proiektu politikoa indartzeko, azken finean, herri honen eta bere jendearen eskubideak eta askatasunak indartzeko.