AKTUALITATEA

| 2024-03-05

Denon bizitzak erdigunean lelopean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak lehen Greba Feminista Orokorra burutu zuen 2023ko azaroan eta zaintza sistema publiko eta komunitario baten beharra ipini zuen erdigunean, zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko borrokan ari diren eta zerbitzu publikoen kalitatea defendatzen duten kolektiboekin bat eginik. EH Bilduk ere argi du gaur egungo zaintza sistema krisian dagoela, ez dela onargarria, ez eta bidezkoa ere, ez zaintzaren lan karga gehiena emakumeen gainean erortzea, familia eremuan zein enplegu arloan, ez eremu feminizatuetan dagoen lan prekarietatea.

2024ko Martxoaren 8 honetan, EH Bilduk ere zaintza sistema publiko eta komunitario baten aldeko aldarrikapena berretsi nahi du, orain arte instituzioetan eta kaleetan egindako lanari segida emanez, eta azpimarratu nahi du ez dagoela sistema publiko eta komunitario hori eraikitzerik Gobernantza Feminista aurrera eraman gabe. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da, eta horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen diren politika guztietan. Diskurtso hutsaletatik harago, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da.

Denok zainduko gaituen herri bat behar dugu, eta horretarako dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar da, instituzioek konpromiso hori bere gain hartuz, proposamenak eta aldarrikapenak jaso eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartzeko. Gure bizitzak baldintzatuko dituzten erabaki horiek zeharlerrotasuna bermatu behar dute eta, beraz, erabaki horiek hartzen dituzten egiturek herri boterea eta gobernantza eredu berriak behar dituzte, lehentasunak definitzeko begirada berri bat, denon bizitzak erdigunean jarriko duen begirada, hain zuzen ere. Hitz bitan, Gobernantza Feminista. Egiten duguna bezain garrantzitsua delako nola egiten dugun. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat, jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa, emakumeen boteretzea ekarriko duena. Gobernantza Feministaz aritzea lidergo transformatzaile bati buruz aritzea da, eta aurrera eraman nahi dugun prozesu subiranistan ere beharrezkoa da ikuspegi feminista txertatzea.

Norabide horretan, EH Bilduk garrantzia eman nahi die publiko eta komunitarioaren arteko harremanei, ardura partekatuei, komuna kudeatzeko erantzun-kidetasunari, betiere argi edukita politika bizitzaren eremu guztietan artikulatzen dela, zeharlerrotasun erradikal bat martxan jarri behar dugula, beraz, egitura estankoak apurtu eta sail ezberdinen artean proiektu konpartituak eraiki eta kudeatzeko.

Alde horretatik, EH Bilduk  Euskal Herriko Mugimendu Feministak bidezko eta berdintasunezko gizartea lortzeko egiten ari den ekarpena eta lana aitortu eta bat egiten du Martxoaren 8rako bultzatuko dituen dinamikekin eta deialdiekin, herritarrei bertaratzeko deia eginez.