Nafarroako Gobernuak Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentaria eta Nafarroako beste 20 herritar torturen biktima gisa aitortu izana beste urrats bat da ezker subiranistarentzat Euskal Herriko gizartearen gehiengo zabal batek eskatzen duen bakearen eta bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan. Baina, aldi berean, EH Bilduk azpimarratu du Barrenaren eta gaur egun torturaren biktimatzat hartu diren gainerako nafarren kasua icebergaren punta baino ez dela, milaka baitira Hego Euskal Herrian torturatutako pertsonak.
Estatuak sistematikoki erabili du tortura euskal ezker independentistaren aurka. Errealitate hori ezkutuan egon dadin saiatu dira, baina pixkanaka argitara ateratzen hasi da. Gasteizko eta Nafarroako Gobernuak egiten ari diren txostenen arabera, 6.000 pertsona inguru (5.000 EAEn eta 1.000 Nafarroan) torturatu dituzte Hego Euskal Herrian.
Nafarroako Gobernuak 21 pertsona torturen biktima gisa aitortu izana zein testuingurutan gertatu den kontuan izan behar da. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak ofizialki onartu du Iratxe Sorzabal polizia-etxean torturatu zutela. Eta joan den maiatzaren 30ean, NBEk errieta egin zion Espainiako Estatuari, Raul Fuentesen aurkako torturak alde batera uzteagatik.
Horren ildotik, EH Bilduk uste du torturaren gaitza, ezkutatu nahi izan den errealitatea, salatu egin behar dutela agintari publiko eta politikoek.