AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-08-29

MAHAI POLITIKOAREN ADIERAZPEN POLITIKOA

Gaur Donostian EH Bilduren Mahai Politikoak egindako bilkuran sakonki aztertu du egoera politikoa kurtso politiko berri honen hasieran; izan ere, uda honen amaieran, mehatxuz eta zalantzaz betetako etorkizuna marrazten ari da. EH Bilduren ustez, azken asteotan jazotakoek berretsi egin dituzte azken urteotan euskal herritarrekin partekatu ditugun gogoetak.

1.- Berretsi egin da, hegemonia geopolitiko eta militarraren aldeko mundu mailako eztabaidaren testuinguruan, Ukrainako gerraren jarraipenaren aldeko apustua, NATOren Gailurrak duela aste batzuk Madrilen aurkeztu zuen estrategiaren baitan. “Gerra hotzaren” eredu berria martxan da, hegemonia ekonomikoaren aldeko norgehiagoka baten baitan. Eredu horren protagonista nagusiak AEB eta Txina dira. NBEren sorrerako funtzioa alboratuz, NATOk izaera geopolitiko eta militarra dituen xake-partida bat inposatu digu, non AEBk bere armamentu- eta energia-lobbyentzat negozioa egiten jarraitzen duen; Europa, aldiz, ondorio sozial eta ekonomikoak dituen espiral batean da, herri eta nazio guztietako langile- eta herri-klaseen pobretzea dakarrena eta ekarriko duena, nagusiki, gerra luzatzearen erabakiak eraginda. Halaber, Errusiarekiko energia-mendekotasunak eta Putinen erregimenari ezarri zaizkion zigor ekonomikoek Europako ekonomian “boomerang” efektua sortu dute.

Zergatik jotzen dute Europako elite politiko eta ekonomikoek itzulezintzat energia-kolapsoaren eta atzeraldi ekonomikoaren egoera? Zergatik egiten dute eliteek, NATO buru dutela, armamentu-espiral baten aldeko apustua, gero eta gehiago, gatazka nuklearrera hurbilduz (NBEko idazkari nagusiak duela gutxi esan du “gizateria hondamendi nuklearretik gero eta gertuago dago, kalkulu-akats bat baino ez da falta”), espezie gisa bere buruaz beste egitera eramango gaituena? Zergatik ezartzen zaigu estrategia horretan aurrekontu militarrak gehitzea, lehentasun sozialen kaltetan? Zergatik ez da antzeko erantzunik izan legez kanpoko beste inbasio batzuen aurrean: hala nola, AEBk Irak inbaditu zuenean, Israelen jarrera lurralde arabiar eta palestinarrekiko, Marokok Mendebaldeko Sahara kolonizatu ondotik edo Turkiak lurralde kurduekiko duen politikan?

2.- Hortaz, berretsi egiten da lobby energetikoen gerra eta estrategiak direla jasaten ari garen inflazioaren igoeraren eragile nagusiak, eta, ondorioz, gure soldata eta pentsioen balio-galeraren eragileak. Berretsi egiten da klase ertain gisara bere burua hartzen duen jendartea “proletarizatuago” dagoela, langile- eta herri-klaseak pobretzen dituena. Arreta berezia jartzen diogu gazteriari, prekarietate masibora eta emantzipatzeko ezintasunera kondenatuta baitaude, bai Euskal Herrian, baita Europako herrialde guztietan ere.

3.- Berretsi egiten da klima-aldaketa saihestezina dela. Tenperatura altuek, itsasoak eta ozeanoak berotzeak, uholdeek, sute handiek... agerian uzten dute planeta asimilatzeko gai ez den “garapen- eta kontsumo-ereduan” jarraitzen dugula. Testuinguru horretan, eta luzatzea erabaki duten gerraren ondorioek eraginda, penagarria eta arduragabea izan da Europar Batasunak energia nuklearra eta gasa energia “berdetzat” jotzeko hartutako erabakia. Gauzak horrela, behin betiko berretsi da ez dagoela konponbide erreformistarik klima-aldaketaren aurrean. Gure kontsumo- eta ekoizpen-ereduak errotik aldatu ezean, klimaren eta zibilizazioaren kolapsoa izango ditugu ezinbestean. Kapitalismoak arriskuan jartzen du planetaren eta bere espezie guztien bizitza.

4.- Berretsi egiten da arestian aipatutako aldagai eta ondorio guztien aurrean gure erakunde autonomikoek duten menpekotasuna. Gure erakundeak ere estatuek hartzen dituzten erabaki politikoen atzetik doaz, erabakitzeko gaitasunik gabe eta, askotan, beren iritziak eta irizpideak helarazteko benetako aukerarik gabe eta erabaki subiranoak hartzeko tarterik gabe.

Gertaera horien guztien berrespenetik, EH Bilduk honako hau adierazi nahi du:

1.- EH BILDUk ez du onartzen atzeraldi ekonomikoa eta energia-krisia saihestezinak diren markoa. Atzeraldi hori mundu mailako hegemonia politiko eta militarraren aldeko xake geopolitikoko pieza gisa instrumentalizatzearen ondorio da, gerra mantendu eta luzatzearen aldeko apustuaren egiten dutenena.

2.- Errusiaren inbasioa irmoki arbuiatzeaz gain, AEBk ezarritako eta EBk onartutako estrategia militarista ere baztertzen dugu.

3.- Dei egiten diogu Europar Batasunari jarrera estrategiko autonomoa izan dezala, eta Nazio Batuen ekimena aitortu nahi dugu gatazkak konpontzeko esparru bakar gisa. EH Bilduren ustez, gerra betikotzea gatazka nuklear baten hipotesia areagotzea da, trantsizio energetikoa ezerezean utzi baita, Parisko akordioak zapuztuz. Gerra gelditu eta konponbide politiko eta diplomatikoak bilatu behar dira. Garaiz gabiltza hildako gehiago ekidin eta gizartean eta ekonomian dituen ondorioak saihesteko, Europako herrien interesak ezertan laguntzen ez dituen gerraren betikotzearen ondorioz.

4.- Testuinguru ekonomiko honetan, ezinbestekoa da neurriak hartzea, euskal gehiengo sozialaren soldaten eta pentsioen etengabeko debaluazioa eragozteko: gure gizartea pobretu eta prekarizatu ez dadin, hainbat erakunde-mailatan antolatu behar diren neurriak, hain zuzen. Zerga-politikek eta aberastasuna banatzeko politikak lehenetsi behar dira, baita energia- eta higiezin-sektoreen esku-hartzeak ere, euskal gehiengo sozial zabalak defendatu nahi baditugu. Euskal gehiengo sozialen interesen eta eskubideen aldeko konpromiso anitzak babestu eta bultzatzen ditugu.

5.- Era berean, naturaren babesaren eta klima-krisiaren inguruko itun berritua behar dugu. Klima-aldaketaren ebidentzia ukaezinak egiturazko neurriak behar ditu gure mugikortasun-, produkzio- eta kontsumo-ohituretan. Ildo horretan, EH Bilduk bere gain hartzen ditu konpromiso eta prestasun politikoa, ezinbestekoa den trantsizio energetikoa (baita Euskal Herrian ere) erraztuko duten akordioetan aurrera egiteko, bi aldagai kontuan hartuta: alde batetik, gure esparru instituzionaletik abiatuta, energia-sektore publikoa sustapena, gure energia-subiranotasuna sendotuko duten politika publikoetan aurrera egitea ahalbidetuko duena; bestetik, energia berriztagarrien aldeko apustu sendoa.

6.- Gaur egun bizi dugun salbuespen politiko eta sozioekonomikoak ageriago uzten du, oraindik ere, gure erakundeek subirano behar dutela izan, gizarte-, lan-, ekonomia- eta energia-arloetan tresna politikoak izate aldera. Beraz, ezinbestekoa da gure agenda politikoan gure gizartearen gehiengoaren eskaeretara egokitutako esparru juridiko berriak eratzea, eta gure herriari erronka horiei aurre egiteko beharrezkoak dituen erabaki-ahalmena ematea.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduren konpromiso irmoa helarazi nahi dio euskal gizarteari, neurri murriztaileak eta langileen gehiengo sozialaren eskubideak eta ongizatea murriztuko dituzten egoerei aurre egiteko helburuarekin. Berriro altxatu behar dugu euskal itxaropenaren bandera, etsipenaren aurrean. Eta, horregatik guztiagatik, kurtso politiko berri honi gure proiektu nazional eta herrikoia defendatu eta zabaltzeko sendotasunetik ekingo diogu. Halaber, etapa berri bati ekiteko konpromisoa dugu, emantzipazio nazional eta sozialaren proiektua Euskal Herriaren motore eta herri-klaseen eta langileen eskubide eta interesen bermatzaile izango dena.

 

Donostian, 2022ko abuztuaren 29an