AKTUALITATEA

Ekonomia | 2025-09-23

Bere Konferentzia Politikoa elkartu zuen EH Bilduk, joan den larunbatean, Donostiako Tabakaleran. Elkarrizketa Nazionala ekimena abian jarriko zuela iragarri zuen bertan ezker subiranistak. Baina, horrekin batera, bizi dugun krisi ekologikoaren inguruko ebazpena ere onartu zuten EH Bilduko oinarriek Konferentzia Politikoan. Planetaren muga ekologiko gehienak gaindituta dauden honetan, bizitzaren etorkizuna bera kolokan jarri dela ohartarazten da ebazpenean. Horren aurrean, eta Euskal Herria Ipar Globalaren parte den neurrian, hemen ere esku hartu beharra dagoela azpimarratzen da. “Larrialdi klimatikoa edo biodibertsitate krisia bezalako arazoak ez dira soilik ingurumen kontu bat, erdigune politikoan kokatzen diren hil ala biziko erronkak baizik”, dio onartutako ebazpenak. Modu horretara, “politika publiko guztien abiapuntua” izan behar dela nabarmentzen da, “eraldaketa sakon eta bidezko baterako oinarri”.

Zentzu horretan, Euskal Herrian 10 urteko epean CO2 isuriak erdira murriztea izan behar da helburua, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartu beharra dago: gure jarduera sozial eta ekonomiko osoa berrikusi eta eraldatu beharra dago, gure jardueraren aztarna material eta energetikoa nabarmen murriztuz. Horretarako, beharrezko neurri politiko guztiak sustatu eta babesteko konpromisoa hartzen du EH Bilduk Konferentzia Politikoan onartutako ebazpenean.

Helburu hori lortzeko bidean, energia auto-hornidura lortu beharra dago. %100ean berriztagarria eta oinarri publiko-komunitarioa duen sistema energetikoa eraikitzea izango da helburua, bidean herritarren parte-hartzea eta kontrol publikoa sustatuz.

Lurralde plangintza egoki batekin erdietsi beharko da helburu hori, eta parte-hartzean oinarritua. Parte hartze zabaleko hiru mailako berrikuspena proposatzen dugu, tokikoa, eskualdekoa eta nazionala, eskualde eskala lehenetsiz. Egun, trantsizio egokia ez gara ari modu egokian egiten, dio EH Bilduk, modu desordenatuan eta interes lukratiboz betea dagoelako.. Hala, hedapen “ordenatu eta demokratiko” baten alde eginez, egun martxan dauden proiektuak baldintzatu beharra dago, baldintza zehatzei erreparatuz: izapidetze gardena izatea; ingurumen inpakturik ahalik eta txikiena izatea; sustatzaileek toki-eskualdeko administrazio eta herritarren ekarpenak aintzat hartzea; elektrizitatea inguruko kontsumitzaileei prezio justuan eskaintzea; jabegoa konpartitzeko eskema ausartak planteatzea, parte hartze publiko-komunitario ahalik eta handiena sustatuz; ingurumen zein tokiko garapen sozioekonomikorako konpentsazio neurri argiak izatea.

Bestalde, elikadura burujabetzari izaera estrategikoa aitortzea eta bide horretan aurrera egiteko beharra azpimarratzen da Konferentzia Politikoan onartutako ebazpenean. Edota mugikortasun eredu berri baterantz urratsak emateko beharra. Industria sektorearen deskarbonizazioa, aldi berean, lehen mailako herri erronka estrategikotzat ere hartzen du onartutako ebazpenak.