AKTUALITATEA

| 2025-09-25

Espero bezala, EAJk, PSEk eta Voxek atzera bota dute gaur Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak martxan jarritako eta 145.000 herritarrek baino gehiagok babestutako Herri Ekimen Legegilea, pentsio duinak bermatzeko neurriei buruzkoa. Jaurlaritzaren aurkako irizpidearekin bat eginez, gobernukideek ekimena tramitera onartzea galarazi dute, eztabaida bera ukatuta, erabaki “lotsagarria, kezkagarria eta ulertezina”, Nerea Kortajarenaren esanetan. EH Bilduko legebiltzarkideak gogor kritikatu du EAJren eta PSEren jokabidea, herri ekimena besterik gabe atzera botatzeaz gain, “ezkutatu egin direlako”, euren posizio politikoa osoko bilkuran defendatzeari eta eztabaidatzeari uko eginez.

Kortajarenak EAJren kontraesanak azpimarratu ditu, alde batetik lehendakariak desafekzio politikoaz ohartarazten duelako eta kalitate demokratikoa hobetu beharra aldarrikatzen duelako, baina, bestetik, herri ekimen legegilea sinatu duten 145.000 herritarren eskariari ezezkoa eman diote, eztabaidatu gabe. “Nekez uler daiteke; ikuspegi demokratiko batetik ezezkoa akats larria baita, demokrazia parte-hartzailea denean demokratikoagoa delako. Herritarren parte-hartzea ezin da lau urtean behin botoa ematera mugatu; haien ahotsa eta proposamenak instituzioetara eramateko leihoak ere behar dituzte, eta horri ezetz esan zaio”.

EH Bilduko bozeramaileak Pentsiodunen Mugimenduaren ekimenaren bidezkotasuna ere aldarrikatu du, milaka pentsiodun, emakumeak gehienak, nekez iristen direlako hil bukaerara. Datuak ere eman ditu: 240.000 pentsiodunek baino gehiagok gutxieneko soldata baino gutxiago kobratzen dute, baina %7k bakarrik (%5,77 emakumeen kasuan) jasotzen dute Diru-Sarrerak Bermatzen Errentaren osagarria. Are gehiago: 178.000 pentsiodunek (134.000 emakume) 950 eurotik beherako pentsioak dituzte, eta 68.000 (52.000 emakume) ez dira 600 eurora iristen. “Datuek agerian uzten dute, beraz, beharrezkoa den eztabaida baten aurrean gaudela”, ez baita egia, Jaurlaritzak dioenaren kontrara, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren osagarriak pentsio txikien arazoa konpontzen duela.

Auzi honek, erantsi du Kortajarenak, agerian uzten du berriro ere Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak beste estatus politiko bat behar dutela. “Egia da ez dugula pentsioen zenbatekoak erabakitzeko eskumenik, baina konpetentzia esklusiboa dugu pertsonen babesa eta zaintzarako, eta horregatik osatu izan dira orain arte pentsio baxuenak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren bitartez. Honek ere agerian uzten du beste botere maila bat behar dugula, herri honetan ditugun erronkei erantzun eta herritarren ongizatea bermatzeko. Izan ere, Gernikako Estatutua osatuta ere, ez genuke pentsio duinak erabakitzeko gaitasunik izango. Beraz, Estatutua betetzea agendan egon behar da, baina  eztabaidaren erdigunean Estatus Politiko Berriaren eztabaida egon behar da”.