AKTUALITATEA

| 2023-05-23
EH Bilduk ekitaldi politikoa egin du, gaur arratsaldean, Oreretako Lekuona kultur zentroan. Mertxe Aizpuruak, Maddalen Iriartek eta Aizpea Otaegik hartu dute hitza.
 
Mertxe Aizpurua: “Aukera bakoitza aprobetxatu behar dugu etorkizun hobea, herri hobea eraikitzeko”
 
Egunero agertzen dira hobetzeko aukerak:. Jendearen bizi-baldintzak hobetzeko aukerak, herri hau leku hobeago bat bihurtzeko eta herri honen asmo komunitarioak goratzeko aukerak. Geure onena emateko eta, horrela, ingurukoen bizitza, euskal komunitatea osatzen duten pertsonen bizitza, Euskal Herria, hobetzen saiatzeko aukerak.
 
EH Bildun ondo dakigu zertaz ari garen aukerak aprobetxatzeari buruz hitz egiten dugunean. Madrilen egin dugu, alokairuei mugak jartzen dizkien Etxebizitza Lege bat adostuta, kotizazio gabeko pentsioak handitzeko pentsioei buruzko akordioarekin, bankuei eta enpresa elektriko handiei zergak ezartzeko akordioarekin…
 
Nolabait azaldu beharko balitz gure ekintza politikoaren funtsa, mugiarazten gaituena, bidean jarraitzera bultzatzen gaituena eta agenda erreakzionarioari aurre egiteko indarra ematen diguna, erabateko konbentzimendua da, aukera bakoitza aprobetxatu behar dugula etorkizun hobea, herri hobea eraikitzeko. Egin dugu aurretik, egiten ari gara eta etorkizunean ere egingo dugu.
 
Eta, bai, modu batera edo bestera, egunero agertzen dira hobetzeko eta jendearen bizitza hobetzeko aukerak. Pepe Mujicak dioen bezala, geure buruaren epaile izatea da kontua. Oheratzerakoan eguneroko balantzea egitea da kontua.
 
Espiritu horrek eragin gaitu gobernuekin akordioak lortu ditugunean, pandemia eta bizitzaren garestitasuna bezalako une zailetan neurri sozialen alde borrokatu garenean, hezkuntza eta trantsizio ekologikoaren eztabaidan bete-betean sartu garenean edo zerbitzu publikoen narriadura salatu dugunean. Eta horrekin jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu.
 
 
 
Maddalen Iriarte: “Soilik EH Bildu bozkatuta bermatuko ditugu ematen diren pausuak benetako aurrera pausuak izatea”
 
Igande honetan erabaki behar dena ez da bakarrik zein den herritarren bizitzak hobetzen dituen proiektua. Igande honetan, lurraldearen baldintzak zeinek hoberen aprobetxatzen dituen bozkatu behar dugu. Zein den Gipuzkoarekin antzekotasun gehien dituen proiektua. Proiektu hori EH Bildu da.
 
Herri hau eta Gipuzkoa lurralde hobea izan dadin eta bertako herritarrak hobeto bizi daitezen EH Bildu gehiago behar dugu. Aizpea gehiago. Horregatik da garrantzitsua EH Bildu, Aizpea eta bere taldea bozkatzea. Soilik EH Bildu bozkatuta bermatuko ditugu ematen diren pausuak benetako aurrera pausuak izatea. Eskubide gehiago, askatasun gehiago, komunitate gehiago eta etorkizun gehiago. Egingo dugu!
 
 
 
Aizpea Otaegi: “Dagoeneko herritarrek badakite zertarako gai garen eta, batez ere, badakite emateko zenbat dugun”
 
Ez da agintaldi erraza izan, pandemia batek gurutzatu gaitu. Eta, hala izanik ere, harrokeriarik gabe, baina harrotasunez esan dezakegu, agintaldiaren hasieran hartutako konpromiso gehienak bete ditugu. Herritarrei emandako hitza bete dugula. Esan dezakegu, agintaldi honetan ere, herria hobetzen ikusi dugula. Gaur herria hobea garelako.
 
Eta hiru agintaldi hauetan, hiru agintaldi hauetan osatu dugun bide ederrean, gauza asko erakutsi ditugu. Erakutsi dugu zeintzuk diren gure lehentasunak. Erakutsi dugu zein den gure hiri-eredua. Eta, erakutsi dugu, zein den gobernatzeko dugun modua.
 
Dagoeneko herritarrek badakite zertarako gai garen eta, batez ere, badakite emateko zenbat dugun. Asko egin dugulako elkarrekin, baina are gehiago dugulako emateko.