Pazis Garcia Ortega legebiltzarkidearen iritzi artikulua.
Urtero, apirilaren 28an, Lanaren Nazioarteko Erakundeak (LNE-OIT) Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguna ospatzen du. Data horren inguruan Euskal Herrian ere sindikatuak kalera aterako dira berriro lan osasunerako eskubidea aldarrikatzeko, lantokietan ez hiltzeko edo ez gaixotzeko eskubidea aldarrikatzeko, alegia. Jakina, arrazoiak ez dira falta. Duela gutxi, EH Bilduk eskatuta, LAB, ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuek osatzen duten intersindikalak agerraldi bana egin du Gasteizko eta Iruñeko parlamentuetan, 2024an Euskal Herrian izandako lan-istripuei buruzko txostena aurkezteko. Eman zituzten datuak benetan kezkagarriak dira: 64 heriotza eta 102.000 istripu traumatiko. Sindikatuek nabarmendu dutenez, patronalak 30 urte daramatza lan osasunaren araudia bete gabe eta erakundeen erantzuna ez da izaten ez nahiko, ez eraginkorra. Bakarrik horrela uler daiteke gaur egun, XXI. mendean, aurrerapen teknologiko garrantzitsuen garai honetan, oraindik ere langileak hiltzea altuera batetik erorita, makinek harrapatuta edo zama gainera erorita. Lan-istripuak XXI. mendean, joan den mendeko berezko arrazoien ondorioz.
Baina, gainera, estatistika ofizialek ez dituzte istripu eta gaixotasun profesional asko aintzat hartzen, hala nola in itinere istripuak edo gero eta eragin handiagoa duten kausa ez-traumatikoek eta arrisku psikosozialek eragindakoak (enplegu prekarioaren, lan-erritmo altuen, estresaren eta abarren ondorio direnak). Bestalde, Lan Osasunaren arloko estrategietan gobernuek genero-ikuspegia txertatzen dutela dioten arren, gizonak eta emakumeak arrazoi ezberdinengatik gaixotzen garela onartuta, hori ez da oraindik errealitate bat. Sektore feminizatuetan lan egiten duten emakumeek, hala nola zaintzan edo etxeko enpleguan lan egiten dutenek, zailtasun handiak dituzte lanetik eratorritako lesioen izaera profesionala aitor diezaieten, lesio horiek arruntzat hartzen baitira.
Istripu eta gaixotasun profesionalak ezkutatzeko joera horrek, hein handi batean mutualitateen erantzukizuna denak, ondorio larri bat dauka: aitortzen ez dena ezin da aurreikusi eta, beraz, kalte horiek berriz ere gertatuko dira.
Diskurtso politikoetan, prebentzioaren kultura zabaldu beharraz orokorrean hitz egitean, ekidistantziak baztertu behar dira enpresen eta langileen erantzukizunen artean. Prebentzioaren kulturaren garrantzia inola ere ukatu gabe, ezin da ahaztu ardura nagusia eta legala enpresarena dela, eta lan arriskuen prebentzioari buruzko araudia ez betetzeak Lan Ikuskaritzaren kontrola eta zigorra jaso beharko lukeela, bai eta gaitzespen sozial eta politikoa ere. Hala ere, oraindik ez dugula lortu aitortu behar dugu.
Lan istripuei komunikabideek eman ohi dieten tratamenduak ere ez du batere laguntzen. Albistegietan gertaera baten kronika gisa agertzen dira, eta ondoren ez dago informazio gehiagorik, ez istripuaz, ezta kausei buruzko ikerketaren emaitzaz. Ikerketa horiek, gainera, luzatu egiten dira denboran zehar. Pisu handia du oraindik istripu horien atzean zorte txarra baino ez dagoelako ideiak. Mugimendu feministak indarkeria matxistaren aurkako erantzun politiko eta soziala zabaltzea lortu du, eta horren arrakasta, nire iritziz, indarkeria horren egiturazko arrazoiak azaleratzearen eta sozializatzearen ondorio da, besteak beste. Lan-ezbeharren eremuan, aldiz, ez dugu lortu, nahiz eta lantokietan gertatzen dena ere indarkeria mota bat izan baden.
Ez ditugu enpresa-erakundeak ikusten inolako kezkarik adierazten, lan-osasunaren arloan ditugun datu txarrak direla eta. Absentismoaz baino ez dute hitz egin nahi. Eta absentismoaz hitz egiten dutenean ere ez dakigu ondo zertaz ari diren, ezta zer zenbatzen duten ere. Uste dut enpresa-erakunde arduragabeak ditugula, sorgor begiratzen diotela enpleguan dugun gaitz nagusiari, lan istripuen tasari, alegia.
Era berean, Lan Ikuskaritzak ez du behar adina baliabiderik enpresetara istripua gertatu aurretik iritsi ahal izateko, ez geroago, behin inspektore bati entzun nion bezala. Gaur egun, Ikuskaritzak ahal duena egiten baitu, baina ez egin beharko lukeen guztia.
Lan Ikuskaritza beharko lituzkeen giza baliabideez hornitzeak talka egiten du gaur gure autogobernuak dituen mugekin, kontratatzeko prozesuak deitzeko erabakia Estatuaren esku baitago. Bien bitartean, Lan Ikuskaritzako lanpostu askok hutsik, bete gabe, jarraitzen dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Hori dela eta, 2022an EH Bilduren ekimenez Gasteizko Legebiltzarrak hartu zuen akordioa bete dadila galdegin dugu berriz ere. Izan ere, Legebiltzarrak Lan Ikuskaritzaren transferentzia osoa eskatu zion orduan Espainiako Gobernuari, behar beste giza baliabidez modu autonomoan hornitu ahal izateko.
Mugimendu feministak bizitza erdigunean jartzea aldarrikatzen du. Lan-eremuan ere aldarrikapen horrek izaera eraldatzailea du, gaur egun onura ekonomikoak baitira ekoizpen-sistemaren erdigunean daudenak, langileen osasunaren eta bizitzaren gainetik. Horri mugak jarri behar zaizkio kalitatezko enpleguarekin, sindikalismo gehiagorekin, enpresek duten erantzukizunari gizartetik eta politikatik interpelatuz, Lan Ikuskaritza indartuz eta, zalantzarik gabe, autogobernu gehiagorekin.