AKTUALITATEA

| 2023-05-19
EH Bilduk ekitaldia egin du, gaur arratsaldean, Azpeitian. Bertan hitza hartu dute Mertxe Aizpurua Kongresuko bozeramaileak, Maddalen Iriarte Gipuzkoako Foru Aldundirako hautagaiak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak eta alkatetzan errepikatzeko hautagaiak.
 
 
Mertxe Aizpurua: “Gipuzkoan esku-eskura dugu ezinezkoa zela esaten zutena errealitate bihurtzea”
 
Azken urteetan ezker independentistak gauza imajinaezinak lortu ditu. Nork esango zigun duela urte batzuk Madrilgo Kongresuan talde propioa izateko gai izango ginela? Bada, lortu dugu. Nork esango zigun erabakigarriak izango ginela eta Madrilgo gizarte politikak baldintzatuko genituela? Bada, lortu dugu.
 
Urte hauetan alokairuen mugak jartzen dituen Etxebizitza Lege bat adostea lortu dugu. Elektrikei eta bankuei zerga bat ezartzea eta diru-bilketa plus hori gizarte politiketara itzultzea adostu dugu. Kotizazio gabeko pentsioak eta alarguntza-pentsioak handitzea lortu dugu. Azken batean, herritarren bizi-baldintza materialak hobetzea lortu dugu. Ezinezkoa zela esaten ziguten. Baina lortu dugu. Eta bide beretik jarraituko dugu lanean. Gure lehentasun bakarra gure herria eta euskal herritarren ongizatea delako.
 
Gauza imajinaezinak lortu ditugula esaten nizuen. Eta ziur nago maiatzaren 28an berriro egingo dugula. Hala esaten du Maddalenek eta ni ziur nago horrela izango dela: esku-eskura dugu maiatzaren 28an ezinezkoa zela esaten zigutena errealitate bihurtzea. Beste batzuetan egin genuen, eta egun gutxi barru berriro egingo dugu. Gipuzkoan esku-eskura dugu ezinezkoa zela esaten zutena errealitate bihurtzea. Esku-eskura dugu ezinezkoa dena gehiengoaren aldeko politika publiko bihurtzeko aukera izatea. Horretarako, gogoratu hautestontzietan bi boto-paper sartu behar direla: zuen udalarena, Nagorerena, eta Maddalenena. Hatz puntekin ukitzen ari gara. Orain lan egitera eta Gipuzkoako herritarrak konbentzitzera ezinezkoa dena errealitate bihurtzen duten boto-paperak EH Bildurenak direla.
 
 
Maddalen Iriarte: “Herritarrekin batera hartuko ditugu erabakiak udaletan eta, ni Gipuzkoako diputatu nagusi banaiz, herritarren adierazpen demokratikoa errespetatuko da erabakiak hartzean”
 
Erakundeak eurenak balira bezala ulertzen dituztenei, maiatzaren 28an eman nahi diegun mezua honakoa da: Gipuzkoan badago beste aukera bat, aukera hori herrietan praktikan dago, ongizate eta asebetetze maila altuarekin. Guk, mailaz igo eta herrialde osora hedatuko dugu.
 
Gure proposamena hauxe baita: enpatia, gertutasuna, zintzotasuna, umiltasuna... baina baita eredu bat ere. Eta argi eta ozen esan nahi dut hemen, guk herritarrekin batera hartuko ditugula erabakiak. Hala egingo dugu EH Bilduren udaletan, eta ni Gipuzkoako diputatu nagusi banaiz, herritarren adierazpen demokratikoa errespetatuko da erabakiak hartzean.
 
 
Nagore Alkorta: “Zailtasunak dituen hori babestuko duen komunitate bat gara gu”
 
Krisiz betetako garai aldakor hauetan, gaur da gizarte eta herri gisa ditugun arazo estrukturalei erantzuteko unea. Nolako Azpeitia nahi dugu? Nolako gizartea? Erabaki hauek ezin ditugu besteen esku utzi. Guk aurrera egiten ez badugu, beste batzuek egingo dute atzera. Gure iritzia garbi adierazten ez badugu, beste batzuek egingo dute gugatik.
 
Badugu bideorria. Azpeitiak aurreratuta ditu erronka estrategikoei erantzuteko hainbat proiektu, eta horiek gauzatzea gure esku dago. Inor atzean utzi gabe, aurrera egingo duen herri bat. Horixe gara gu. Zailtasunak dituen hori babestuko duen komunitate bat. Feminismoa, euskara, ingurumena, kultur ondarea eta aniztasuna gure izateko eta lan egiteko moduen erdian jarriko dituena.
 
Dena dugu jokoan. Datozen egunak erabakiorrak dira. Erakus dezagun proiektu honen atzean komunitate bat dagoela, ilusioak eta konpromisoak batzen duena. Erakus dezagun indarra, grina eta determinazioa.