AKTUALITATEA

| 2021-03-30

Maddalen Iriarte oso kritiko mintzatu da gaur Euskaltelen salmentaz, MasMovilek erosi izanak “EH Bilduk behin eta berriz salatu duena frogatu baitu; hots, Jaurlaritzak ez duela ez planik, ez estrategiarik edozein herritan funtsezkoak eta estrategikoak diren sektoreak garatzeko”. Salatu duenez, “lidergo publikoa funtsezkoa den sektoreetan Urkulluren Gobernua desagerturik dago, edo okerrago, konpainia handien interesen menpe; ez du ez ikuspegi estrategikorik, ez norabide argirik. Telekomunikazioen arloan argi ikusi dugu Euskaltelen kasuarekin, baina politika industriala Confebaskek markatzen dio eta energetikoa, Iberdrolak eta Petronorrek. Herri ikuspegia eta begirada estrategikoa erakutsi beharrean, Jaurlaritzak enpresa handiekiko menpekotasuna erakusten du”.
EH Bilduko bozeramailearen iritziz, Euskaltelen salmenta “euskal gizarteari eginiko lapurreta da”, enpresa diru publikoarekin sortu baina esku pribatuetan amaitu delako “EAJren onespen eta konplizitatearekin garatu den pribatizazio prozesu baten ondorioz”. Bere esanetan, “herri bezala galdu dugu, lau katuk lotsa barik etekin ikaragarriak izan ditzaten; hori da EAJk eta Jaurlaritzak bultzatu eta sustatu dutena, espekulazio gordinena”.
Horren ildotik, Kutxabanken erantzukizuna ere ahantzi gabe, Jaurlaritzaren ardura azpimarratu du Iriartek, “haren konplizitaterik gabe Euskaltelen salmenta ezinezkoa izango zelako”. Halaber, “sektore estrategiko batean erreferente bat eta erabakiguneak galtzea ona dela sinestarazi nahi izatea” egotzi dio Gobernuari, eta “jendeari adarrik ez jotzeko” eskatu dio, beraz.
Iker Casanova legebiltzarkideak ere Jaurlaritzaren ardura nabarmendu du, bai eta “haren politika ekonomiko bakarra multinazionalei men egitea eta amen esatea” dela salatu ere. Gogora ekarri duenez, 2019an Legebiltzarrak –EAJ eta PSEren botoekin– Euskaltelen akzioak erosteko aukera aztertzeko eskatu zion Gobernuari, azkenean gertatu dena galarazteko. “Gerora jakin dugu Jaurlaritzak erabakita zeukala akzioak erostea; ez dakigu nork edo zerk ekidin zuen hori gertatzea”.
EH Bilduk behin eta berriz salatu du Legebiltzarrean Euskaltelen hasitako pribatizazio prozesua horrela amaituko zela, eta, tamalez, denborak arrazoia eman digu. “Ez ziguten kasurik egin eta, prozesu hori babesteko, Gobernuak gezur sare bat eraiki du, zuntz optikoaren sarea baino luzeagoa, eta oraindik ebidentzia ukatzen jarraitzen du”. Zentzu horretan, Casanovak ukatu du Arantxa Tapia sailburua egunotan argudiatzen ari den bost urteko bermeak egiazkoak direnik. “Berme horiek egonkortasun kontratu bat dira, eta guztiok dakigu zer egiten dugun horrelako kontratuak amaitzen zaizkigunean, eskaintzarik onena onartu eta lehengo konpainia abandonatu. Berme horiek iraungitze data dute".
Casanovak azaldu duenez, Euskaltelen pribatizazio prozesu luzeak hiru mugarri nagusi izan ditu, eta hirurek dituzte bi ezaugarri komunean. “Batetik, interes pribatu batzuek etekin erraldoiak lortu dituzte; bestetik, Jaurlaritzaren babesa ezinbestekoa izan da prozesuan zehar”. Horren harira, datu adierazgarriak eman ditu EH Bilduko legebiltzarkideak: 2012an zuntz optikoaren sarea 68 milioitan saldu zen; gaur sare horren balioa 1.000 milioikoa da; gero inbertsio funtsek akzioak erosi zituzten eta 2015ean, Euskaltel Burtsara atera zenean, funts horiek 600 milioi poltsikoratu zituzten; eta azkenean Zegona sartu zen enpresan 2019an, eta gidoia EH Bilduk ohartarazi bezala bete egin da.
Arduradunak, Casanovaren aburuz, argi dago nortzuk diren: Alberto Garcia Erauskin Euskalteleko presidente ohia, pribatizazio prozesua abian jartzeagatik; Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko zuzendaria, ezinbesteko laguntzailea izan delako, eta, azkenik, Arantxa Tapia sailburua eta Iñigo Urkullu lehendakaria, Jaurlaritzaren jarrera afera honetan onartezina izan delako.