AKTUALITATEA

| 2025-03-25

Espainiako Gobernuak eta Foru Gobernuak gaur sinatu dute Madrilen EH Bilduk eta Pedro Sanchezen Gobernuak bultzatutako akordioa trafiko eskumen osoaren transferentzia gauzatzeko, 2026ko uztailetik aurrera. Egun horretatik aurrera, hiru urteko trantsizio epea egongo da eta horren ondoren, Foruzaingoak bere gain hartuko ditu errepideen zaintza eta kontrol lanak.

Bileran, Laura Aznal EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen talde parlamentarioaren bozeramaileak parte hartu du, Bel Pozueta EH Bilduko diputatuarekin batera. «Gaur Nafarroak beste urrats bat eman du bere autogobernuan eta eskubide historikoak berreskuratzeko bidean. Nafarroa burujabetzan aurrera doa EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak frankismoan kendutako trafiko transferentzia gauzatzeko lortutako akordioarekin», adierazi du.

«Gaur esan dezakegu transferentzia hori errealitate bat izango dela, nahiz eta Espainiako eta Nafarroako eskuinak hori eragozteko oztopo eta eraso guztiak egin. Eta hau da hain zuzen ere lortu behar dugun tresna propio ugarietako bat. Izan ere, autogobernu handiagoa, gure bizitzetan eragina duen guztiari buruz erabakitzeko gaitasun handiagoa da. Eta hori ongizatearen, bizitzaren eta etorkizun duinaren berme handiago batean islatzen da, edozein esku-sartzetik kanpo», gaineratu du Aznalek.