AKTUALITATEA

Justizia Soziala | 2026-05-12

Etxebizitzaren auzia 10 urtean konpontzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk, Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren buruak iragarri duenez. Bilbon egindako ekitaldi batean, Otxandianok esan du EH Bilduk konpromisoa hartzen duela Europako herrialde aurreratuenekin lerrokatutako etxebizitza politikarekin, etxebizitzaren krisiari irtenbidea emateko. Era berean, EAJ eta PSE instituzioetatik egiten ari diren lana kritikatu du. “PSEk ezin du, EAJk ez du nahi”.

Otxandianok adierazpenok egin ditu 'Euskal Herrian posible egin' kanpaina nazionalaren aurkezpenean. Ezker subiranistak hasiera eman dio etxebizitza politika publikoen aldeko kanpaina horri, gaur egun euskal herritarren arazo nagusia dena konponbidean jartzeko. Ekimen horren bitartez, lan programatikoa, instituzionala eta soziala zabalduko du.

Pello Otxandianoz gain, ekitaldian hitza hartu dute Laura Aznal Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak, Nerea Kortajarena Programa idazkariak, Oskar Matute Kongresuko bozeramaile ondokoak eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak. Denek hartu dute konpromisoa, euskal jendartearen aurrean, “etxebizitza politika egiteko eta gure ekintza politikoaren eta instituzionalaren erdigunean jartzeko”. Azaldu dutenez, “ez dago politika publiko bat eta bakarra, arazoa konpon dezakeena, baizik eta neurri asko behar dira, modu koordinatuan. Horrek denbora eskatuko du, baina uste dugu 10 urteko epean posible dela emergentzia egoera honi heltzea. Anbizioa, determinazioa eta konpromisoa behar dira. Hori da gure konpromisoa, Europako herrialde sozialki aurreratuenen erreferentzia aintzat hartuta”.

Jaurlaritza ez zaiola krisi honi erantzuten ari salatu ostean, botere publikoek merkatuan esku hartu eta ordena jartzeko beharra azpimarratu dute. Izan ere, une honetan etxebizitza merkatua kontroletik kanpo dago eta sektore pribatua ez da prezio eskuragarriak eskaintzeko gai, biztanleriaren gero eta sektore gehiago bazterrean utzita.