AKTUALITATEA

Naziogintza | 2024-11-17

EH Bilduk agerraldia egin du, gaur goizean, Bilboko Plaza Barrian, azaroaren 23an Bizkaiko hiriburuan egingo duen mobilizazioa iragartzeko. Agerraldian hitza hartu dute Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak eta Iker Casanova Bizkaiko bozeramaileak.

Aurten ere, EH Bilduk mobilizazio nazionala deitu du azaroan, Bilbon, kasu honetan azaroaren 23an. Bertan milaka pertsona subiranista, abertzale eta independentista bilduko dira, Euskal Herria nazio bat dela eta errespetatu beharreko eskubide nazionalak dituela aldarrikatzeko. Mobilizazioa datorren larunbat arratsaldean izango da, eta beste behin ere Autonomia kalea bete nahi du "Nazioa Gara" lelopean.

Mobilizazio nazional hori testuinguru oso zehatz batean emango da. Espainiako Estatuan, eta baita Frantziako Estatuan ere, eztabaidak irekiak daude gurea bezalako nazioek izan behar duten paperari buruz. Espainiako Estatuari dagokionez, EH Bildutik denbora daramagu esaten Sanchezen Gobernuak eta hura sostengatzen duen gehiengo plurinazionalak ez dutela ultraeskuina eta eskuin muturra eta bere politika erreakzionarioak geldiaraztera mugatu behar. Haratago joan behar du, eta agenda demokratizatzaile bat jarri behar du martxan, Euskal Herria, Katalunia eta Galiza bezalako nazioak aitortu eta errespetatu behar dituena. Badago eztabaida ireki bat izaera plurinazionalari buruz, Pedro Sanchez presidenteak berak, EH Bilduren galderari erantzunez, Kongresuan aitortu zuen bezala.

Gure herrian ere elkarrizketa prozesu irekia dugu alderdien artean, estatus berriari buruz hitz egiteko. Nazio gisa definitzea da, nazio gisa errespeta gaitzatela eskatzea eta horrek dakartzan eskubide nazionalak errespetatzea da eztabaida horren muina. Ez da gauza bera Estatuarekin autonomia erkidego edo nazio gisa erlazionatzea. Hori da oraintxe jokoan dagoena.

Ezker subiranistatik beti defendatu dugu horrelako eztabaidak ez direla alderdi politikoetara mugatu behar. Gizarteari eta eragile ekonomiko, sindikal eta sozial guztiei irekita egon behar du. Baita herritar guztiei ere. Datorren larunbateko mobilizazio nazionalarekin espazio eta ahots bat eman nahi diegu Euskal Herria nazio bat dela, nazio gisa errespetatu behar dela eta nazio eskubide guztiak errespetatu behar direla uste duten herritar guztiei. Horregatik guztiagatik, herri honetako subiranista, abertzale eta independentista guztiei dei egiten diegu Bilboko Autonomia kalea betetzeko eta munduari mezu argi eta sendoa helarazteko: Euskal Herria errespetatu beharreko nazioa da.