AKTUALITATEA

| 2026-11-21

EH Bilduk Gasteizko Probintzia plazan egin du gaur eguerdian larunbateko ekitaldi politiko nagusia. Bertan parte hartu dute Pello Otxandiano Legebiltzarreko EH Bilduren buruak, Mikel Otero Kongresurako Arabako zerrendaburuak eta Josu Estarrona Senaturako Arabako zerrendaburuak. Haiekin batera izan dira Eva Lopez de Arroyabe Arabako diputatu nagusirako hautagaia eta Rocio Vitero Gasteizko alkategaia.

 

Ekitaldian, azaroaren 29ko hauteskundeen garrantzia nabarmendu du Pello Otxandianok, baina argi utzi du hitzordu hori ez dela amaiera-puntua izango, datozen urteetako ziklo politikoaren abiapuntua baizik.

 

Horren ildotik, EH Bilduren aldeko botoa emateko deia egin du, “itxaropenezko ortzimuga eraikitzeko”. Izan ere, “EH Bilduren botoak ez du eskuin muturrari geldiarazteko bakarrik balio, datozen urteotan Euskal Herrian itxaropenezko ortzimuga eraikiko duen mugimendu politikoa indartzeko ere balio du”.

 

Otxandianok EH Bilduren aldeko botoa emateko deia berretsi du, EH Bildu boto eraginkorrena ere badelako. “Azaroaren 29an EH Bildun botoa biltzeko deia egiten dugu, EH Bildu boto eraginkor bakarra delako erreakzionarioak gelditzeko, ez dugulako ekidistantzietara jokatzen eta oso argi dugulako zer dagoen jokoan. Jokoan dagoena hori da, erreakzionarioek boterea lortu ala ez, eta EH Bildu bermea da hori galarazteko. EH Bilduk bloke erreakzionarioari jipoi antologikoa emango dio Euskal Herrian. Inoizko emaitzarik onenak ateraz gero, eta bide horretan gaude, erreakzionarioak ez dira Gobernura iritsiko”.

 

EH Bildu bermea da horretarako, eta gogorarazi du 2015ean Gasteizen jada egin zuela, Maroto PPkoa alkatetzatik kanpo utzita, botoak Urtaran jeltzaleari “gratis et amore” eman zizkiolako, nahiz eta EAJ hirugarren indarra zen, eta EH Bildu bigarrena. “Konbikzio demokratikoagatik egin genuen, trukean ezer eskatu gabe, agindu demokratikoa Maroto eta haren diskurtso erreakzionarioa Gasteiztik desagertu behar zirela zelako”.

 

Era berean, EH Bilduren jarduteko modua nabarmendu du, herritarrengandik hurbil dagoen politika baten alde eginez: “Politika zintzoan konfiantza duten milaka eta milaka lagunen eskutik. Jendeari begietara begiratzen dion politika, kilometro zerokoa, administrazio kontseiluetan edo ate birakarietan etorkizunik bilatzen ez duena. Batzen eta biderkatzen duen ezkerra gara, zarata gutxi atera eta lan handia egiten duena. Eta gure ekintzek definitzen gaituzte”.

 

Bestalde, Mikel Otero Kongresurako Arabako zerrendaburuak Madrilen EH Bilduk egindako lana eta lortutako aurrerapen sozialak izan ditu hizpide. Haren hitzetan, “herri honetako jendeak badaki EH Bilduk hitz egiten duenean berri onak emateko dela”.

 

Oterok gogorarazi du azken urteotan eskubideetan eta askatasunetan aurrerapausoak lortzeko lan egin duela koalizioak: “Azken urteotan berri oso onak eman dizkiegu euskal herritarrei Madrilen eskubideetan eta askatasunetan aurrerapauso ugari lortu baititugu. Harro gaude jendearen bizitza hobetzen, industria bultzatzen, pentsioak duintzen eta etxebizitza eskubidearen alde egiten lagundu izanaz”.

 

Hala ere, egindako lana ez dela nahikoa azpimarratu du Kongresurako Arabako hautagaiak, eta datozen urteetan aurrera egiten jarraitzeko beharra nabarmendu du: “Baina badakigu ezer ez dela nahikoa. Azaroaren 29tik aurrera askoz gehiago egin behar dugu, eta horretarako, boto andana behar dugu”.

 

Amaitzeko, azaroaren 29ko hauteskundeetan EH Bilduren ordezkaritzaren garrantzia azpimarratu du Oterok: “EH Bildurik gabe ez delako aurrerapen sozialak ahalbidetuko dituen gehiengorik izango. EH Bildurekin Euskal Herriaren eta bertako herritarren defentsa bermatuta egongo delako. EH Bildurik gabe ez dira kontuak ateratzen”.

 

“Ziurtatzen dizuegu EH Bildurekin, hilaren 29an eta 29tik aurrera, berri onak biderkatuko direla”, amaitu du.