AKTUALITATEA

| 2026-11-20

Gaur 37 eta 42 urte betetzen dira Josu Muguruza eta Santi Brouard erail zituztenetik, hurrenez hurren, eta gaur arratsaldean EH Bilduk omenaldia eskaini die biei Bilbon, Errekalde plazan. Bertan aritu dira hizlari Arnaldo Otegi idazkari nagusia, Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburua, azken urteotan Kongresuan bozeramailea izan den Mertxe Aizpurua eta Ane Muguruza, Josu Muguruzaren alaba eta Kongresurako hautagaia.

 

Brouard eta Muguruza gogoratuz hasi du Arnaldo Otegik bere hitzartzea, “haiek ereindakoa aurrera doala” azpimarratuz. Idazkari nagusiak boto eraginkorraren balioa aldarrikatu du, eta botoak EH Bildun kontzentratzera deitu du, bai eta debatea nazionalizatzera ere”. Izan ere, “hauteskunde hauetan gauza asko daude jokoan. Ez da bakarrik nortzuk egongo diren gobernuan Estatuan, baizik eta nortzuk izango diren herri honen enbaxadoreak Madrilen. Eta nork defendatuko ditu hobekien langileen, emakumeen, euskaltzaleen, presoekiko solidarioen eta internazionalisten interesak, EH Bildu ez bada?”.

 

Gainera, “gureak dira bloke erreakzionarioari min gehien egingo dioten botoak. Imajinatu nor eta gu garela gobernutik kanpo uzten ditugunak. Autoritarismoaren eta aukera leihoaren artean, aukera leihoaren alde egiten dugu, aurrera egitearen aldeko apustu egiten duen blokean egongo gara beti”.

 

Halaber, EH Bilduko idazkari nagusiak azpimarratu du hauteskunde hauetan Bizkaiak historia egin dezakeela herri honetako soziologia subiranismorantz eta ezkerrerantz bultzatzen ari delako. “Bizkaiak historia aldatuko du, historia aldatzeko aukera du, zintzotasunaren alde bozkatzeko aukera du. Toki guztietan hazten ari gara, hori segurua da, eta Bizkaiak oso paper garrantzitsua jokatu behar du, hesi berri bat antolatu behar du, Bilbotik Enkarterrietara, Bilbotik Durangora, Bizkaian botoaren norabidea aldatzen den egunean, herri honen historia politikoa aldatuko baita, eta bide horretan gaude”. Hala, “Bizkaian irabazteko kapazak garela diote batzuek; edonola ere, are garrantzitsuagoa gu sinistuta gaudela, eta horrek urduritzen ditu, hori da Bizkaian aldatu dena”.

 

Oskar Matutek adierazi duenez, “ezker subiranistari esker ari gara eremu tentsionatuez hitz egiten, pentsioen %15eko igoeraz, aberatsei ezarritako zergez, kulturaren funtsezko ondasun izaeraren aitortzaz, Memoria Demokratikoaren Legeaz, eskumenen transferentzien inguruan, amiantoaren biktimentzako eta euskal unibertsitateentzat lortutako laguntzez, eta abar luze bat. Honi eta gauza askoz gehiagori buruz. Ekintzek definitzen gaituzte”.

 

“Apaltasun osoz esaten dugu, baina gehiago egin behar dugu, askoz gehiago: etxebizitzaren arazoari konponbidea eman behar diogu, soldatak igo eta prezioak jaitsi, eta pentsioak bermatu. Horretarako, indar eta ausardia handiagoa behar dugu. Euskal Herria Bildu gehiago behar dugu. Aurrerapausoak bermatzeko gai izango den gehiengoa behar dugu, eta gehiengo hori gauzatzeko berme bakarra botoak EH Bildun biltzea da. EH Bildu gabe, ez dago politika aurrerakoirik. EH Bildu gabe, zenbakiek ez dute ematen. Eraginkorrak izateaz ari gara. Gure herriaren, Euskal Herriaren, langileen, gazteen, pentsiodunen eta emakumeen defentsan. Zurekin kontatzen dugu. Posible egin!”.

 

Pasa den larunbateko manifestazio erraldoia gogora ekarri eta EH Bilduren sekretua zein den azaldu du Mertxe Aizpuruak: “Denbora eta etengabeko lana, hamarkadak daramatzagulako ideia antifaxistak ereiten, ureztatzen eta zaintzen. Ideien laborariak ziren Santi Brouard eta Josu Muguruza ere, eta horregatik eraman zituzten gugandik”.

 

Horri jarraituz, Ane Muguruzak azpimarratu du biek ala biek “jendarte justuago eta libreago baten alde” lan egin zutela, eta ziurtzat jo du hil honen 29an “herri honek faxismoari aurre egingo diola berriz, Euskal Herria injustizien aurka altxatu delako beti”.