AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2026-11-22

EH Bilduk ekitaldi jendetsua egin du gaur Tabakaleran, Donostian, gaurko ekitaldi nagusia. Hitza hartu dute bertan Arnaldo Otegi idazkari nagusiak, Oihana Etxebarrieta Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak eta Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko zerrendaburuak. Haiekin egon dira, baita ere, Maddalen Iriarte Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaia, Nerea Kortajarena Donostiako alkategaia eta Francesc-Marc Alvaro, amaitu berri den legealdian Kongresuan ERCko diputatu izan dena, eta orain Senaturako hautagai.

 

Arnaldo Otegik mezu baikorra helarazi die Tabakaleran bildutakoei, munduan autoritarismoa eta beldurra zabaldu eta etorkizuna mehatxu bezala aurkeztu izan duten eskuineko indar atzerakoien aurrean, kolore anitzeko mundu bat altxatzen hasi delako, ezkerretik itxaropena, etorkizuna eta alaitasuna ereiten ari dena. Eta ahalegin kolektibo horren ardatzean Gipuzkoa dago, aldarrikatu duenez, “ziurtasun abertzalea, euskaltzalea, aurrerakoia eta feminista” ematen duena.

 

EH Bilduko idazkari nagusiak azpimarratu du Gipuzkoak segurtasun abertzalea eta antifaxista eskaintzen duela, eta ziurtatu du datorren igandean ez duela hutsik egingo. “Gipuzkoak ziurtasun abertzalea ematen dio proiektu nazionalari, ziurtasun aurrerakoia ematen dio. Bizkaiak boto-norabidea aldatzen badu, herri honen historia politikoa aldatzen da. Eta hori horrela da, eta horretan ari gara, eta hori gertatuko da, batzuei ez gustatu arren, baina Gipuzkoak ematen dio zentzu abertzale eta euskaltzalea proiektu nazionalari. Horregatik, beharrezkoa da Gipuzkoak masiboki parte hartzea hauteskunde hauetan, Gipuzkoan kontuak argi daudelako: edo bloke erreakzionarioa edo EH Bildu. Hor daude jokoan eserlekuak”.

 

Ildo horretan, Otegik 2023ko emaitzak ekarri ditu gogora; izan ere, askok esan zuten orduan EH Bilduk goia jo zuela, bere sabaira iritsi zela. “Orain sabai hori gaindituko dugu; hori da erronka. Gipuzkoak eta Euskal Herriak ez dute hutsik egingo; Gipuzkoak bloke erreakzionarioa garaituko du, zalantzarik gabe, eta lagunduko du ezker independentistak hauteskunde orokorretan emaitzarik onenak izan ditzan. Sabaia gaindituko dugu berriro, mina egingo badie ere. Euskal Herriak bloke erreakzionarioa garaituko du eta ezker independentista askoz indartsuagoa izango da, zintzotasunak eta itxaropenak gobernatzeko”.



EH Bilduren proiektuaren balioa aldarrikatu du idazkari nagusiak, “burujabetzaren eta sozialismo demokratikoaren proiektua”, alegia, “jendeari segurtasuna ematen diona” une historiko honetan, non autoritarioak eta muturreko eskuinak estrategia deliberatu bat martxan duten, “lehenik segurtasun falta sortzeko, eta gero etorkizunik ez dagoen sentsazioa emateko, eta horrek antsietatea, frustrazioa eta beldurra eragiten ditu, eta eskuin muturra beldurraz elikatzen delako”.

 

Autoritarioen eta eskuin muturraren aurrean, “frustrazio eta antsietatearen panorama ilun horren erdian” dago, ordea, EH Bildu Euskal Herrian, munduko beste leku batzuetan beste indar aurrerakoi batzuk ere ultrak garaitzeko gai izan diren bezala; izan ere, “zorionez, Brasilen, Irlandan, Uruguain, Berlinen, baita Estatu Batuetan ere, Mandanirekin, bagaude ero batzuk, mundua kolorez ikusten dugunok, etorkizunari baikortasunez begiratzen diogunok”, eta pertsona guztientzako eskubideak eta askatasunak bermatzen dituen proiektu bat eskaini ere.

 

Oihana Etxebarrietak azaldu du “EH Bilduren aldeko botoa jendearen bizitzak hobetu, Euskal Herria errespetatu, emakumeon eskubideak defendatu, pentsioak bermatu eta etxebizitza larrialdiari aurre egiteko botoa dela. Soldatak igo eta prezioak jaistearen aldeko botoa. Zintzotasunaren aldeko botoa, zaratarik ateratzen ez duen ezkerraren aldekoa. Ustelkeria kasurik ez eta administrazio kontseiluetan etorkizunik bilatzen ez duen militante konprometituz osatutako komunitatearen aldekoa. Herri hau maite dugunon aldeko botoa, 0 kilometrokoa. Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzako. Eta, noski, PP-Vox eserlekurik gabe uzteko botoa. Beraz, plazer bikoitza ematen duen botoa da ezkerreko suberanismoarena”.

 

Otegik ere egin duen bezala, Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburuak “azaroaren 29an boto guztiak EH Bildun biltzeko deia” egin du, “boto bat bera ere bidean gelditu ez dadin. Modu eraginkor eta alaian bozkatzera deitzen zaituztegu datorren igandean. Posible delako. Eta, noski, posible egingo dugulako, herri hau itxaropena antolatzeko gai delako”.

 

Idurre Bideguren Senaturako hautagaiak ekidistantziaren arriskuaz ohartarazi du, ez dagoelako ekidistanteak izaterik aurrez aurre eskuin muturraren mehatxua agertzen denean. Horregatik, aitortu du, “ez dut ulertzen nola batzuek ez duten ulertzen ez dagoela PP eta Vox bereizterik, PP moderatu bat balego bezala”. Izan ere, PP hori ez da existitzen, bloke erreakzionarioa osatzen du Voxekin, eta biak gauza bera dira.