AKTUALITATEA

| 2021-06-15

Pabilioi itzel bat aforo-erdiarekin beteta. Ehunka polizia eta militarrek hartzen dute gunearen erdia, eta gu, HDPren aurkako epaiaren nazioarteko behatzaileok, hondoan jarri gaituzte, kazetarien eta HDPko parlamentarien artean. Ez dugu oso ondo ulertzen zer ari den gertatzen, baina zer esaten ari diren itzultzen diguten pertsonei esker, hitzak jartzen dizkiogu azkenean ikusten ari garenari. Epaileak ez die abokatu guztiei sartzen uzten, eta hortxe dugu une honetatik aurrera epaiketa nola garatuko den erakutsiko digun adibide garbia. 

Sartu gara, horren inguruan zalantzak bagenituen ere, eta, dena dela, epaiketaren garapenari begira hainbat begi zeudela jakinda ere, egiaztatu ahal izan dugu epaiketa letradu guztiak bertan egon gabe hasteaz gain, epaitutako pertsonei lehen alegatu baterako eskubidea ere ukatu egin zaiela. Ez da ondo itzuli kurdueraz hitz egiten duten kideek esaten zutena, kasu honengatik Ankaratik kanpo kartzelaratuta dauden pertsonek epaiketa bideokonferentzia bidez jarraitzen zuten, eta seinalea, ahotsa eta irudia galdu egiten zen etengabe, eta abar, eta abar. 

Apirilaren 26an hasi zen epaiketa bertan behera utzi behar izan zen pandemiarengatik eta Turkian deklaratu zuten konfinamenduarengatik. Maiatzaren 18an berraktibatu zen eta ekainaren 14ean jarraituko du. Gogorarazi behar dugu 2014an beren sare sozialetan jarri zituzten mezuengatik epaituak izaten ari direla 108 pertsona hauek, Kobane hirian ISIS taldeari aurre egiten ari ziren emakume borrokalariak animatzeko jarritako mezuengatik. Mundua Rojavara begira zegoenean eta munduak ISIS taldearen sarraskiari aurre egiteko sortutako herritarren matxinada eskertzen zuenean, horixe bera egiten ari ziren pertsonak atxilotzen eta kartzelaratzen zituen Turkiak. Terrorismoa goresteagatik salatzen dituzte, propaganda terrorista zabaltzeagatik, eta ondorioz kondenatuak izan daitezke HDPri lotutako pertsona guztiak, eta kondena hori aitzakia bezala hartua izan daiteke guztiak elkartzen dituen alderdia legez kanpo uzteko. Eta alderdi hori, gogorarazi behar dugunez, Turkiako hirugarren indarra da eta udalerri asko eta askotan gobernatzen du (AKPk bahitutako udalerriak). 

Egoera horren aurrean, ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Euskal Herrian oso ondo ezagutzen dugu jarduteko modu hori, hedabideak, alderdiak, erakundeak eta abar beren ideologia politikoarengatik ixtea, guztia apologiarekin eta terrorismoarekin lotu nahi izatea. Mundu globalizatu honetan ziurta dezakegu "euskaldunen bila etorri zirenean, ez nuen ezer esan euskalduna ez nintzelako" esaldia ez dela betetzen HDPko gure lagunen kasuan. Beti egon dira hor, beti lagundu digute, beti izan ditugu gure alboan. Eta gu ere “kurduen bila joaten zirenean” ez gara isilik geratu eta geratuko. 

Bitxia da Europako erakundeek Turkiari Europar Batasunean sartzeko estatu kandidatu gisa ezarritako eskakizunen betetze-mailaren egoera aldizka aztertzen duten honetan, Turkiaren aldeko horren ahots gutxi entzutea. Hogeita bat urte baino gehiago igaro dira jada Turkiari izangai gisa bere estatusa ofizialki aitortu zitzaionetik, eta Turkiak nabarmen huts egiten du atzerakada ezin nabariagoa delako, batez ere giza eskubideen eta banako askatasunen babesari buruzko gaietan. Europar Batasuna ere ez dago Turkia giza eskubideen errespetuari dagokionez epaitzeko posizioan, EBko kanpo-mugetako errefuxiatu-esparruen errealitate mingarria gogoraraztea besterik ez dago, edo Mediterraneoan beren bizia galdu duten milaka migratzaileak, Batasunak erakutsitako pasibotasunaren aurrean. Horregatik biak ere, Turkia zein Europar Batasuna, duela bost urte ados jartzeko gai izan ziren, diru-kopuru itzelak tarteko, errefuxiatuen Europarako sarrera eragozteko. Eta beharbada horregatik halaber, Turkiaren eta EBren hobe daitekeen sentsibilitate demokratiko horrengatik, Europak beste alde batera begiratzen jarraitzen du gobernu turkiarrak egitate nazional kurduaren edozein adierazpideren edo besterik gabe ezkerreko disidentzia politikoaren aurka baliatzen duen errepresioa mundu osoan ezaguna denean.

Interes geopolitikoak lehenesten ditu Europak Giza Eskubideen aurretik. Turkiaren kasuan, Aduana Batasuna mantentzen du Turkia erregimen autoritarioa bada ere; kasu honetan ez dira Giza Eskubideen klausulak aplikatzen.

HDP legez kanpo uzteko prozesua abusu neurrigabea da, baina Turkiak abantailarekin jokatzen du. Badaki Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dagokionean baliogabetu egingo duela, edozein ikuspuntutatik begiratuta ere baliogabea delako. Baina ordurako, burututako egitateak izango dira jada. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da salaketa politikoa eta instituzionala, eta horrek zera esatea dakar, Turkiak jarduten duen moduan jarduten duela Europak hori egiten uzten diolako.

Horregatik, parte hartzen dugun erakunde guztietatik adierazpenak, debateak eta ebazpenak bultzatu ditu EH Bilduk makro-epaiketa honen aurka. Ezin dugu beste alde batera begiratu, eta gure eskura ditugun bozgorailu guztiak erabili behar ditugu herri kurduak, HDPk eta Erdoganen autoritarismoak errepresaliatutako pertsona guztiek gure elkartasuna dutela ikusarazteko eta entzunarazteko. Eta ez bakarrik erakundeetatik. Kurdistan aske baten aldeko herri- eta gizarte-mugimenduarekin batera, kalera aterako gara gure kezka eta elkartasuna agerian uzteko. Eta gaur, hau irakurtzen ari diren pertsona guztiei bidaltzen diegu mezu hau, ezin ditugu bakarrik utzi. Totalitarismoaren eta fanatismoaren aurka borrokatu ziren, eta gizarte libre baten alde borrokatzen ari dira, justizia sozial, feminista eta ekologistan oinarritutako gizarte baten alde. Haien lorpenak gure lorpenak dira, eta gure kide feministek oso ongi esaten duten moduan, emakume bat ukitzen badute, denak ukitzen gaituzte.