Gaur, martxoak 12, 40 urte bete dira Espainiako Estatua NATOn sartzeko erreferenduma egin zela, eta Hego Euskal Herriko herritarrak horren kontra agertu ziren argi eta garbi. Era berean, 2026 honetan 75 urte betetzen dira Nafarroako Bardeako tiro-poligonoa abian jarri zenetik. EH Bilduk Euskal Herriaren historian hain esanguratsua den data hau aukeratu du mundura mezua bidaltzeko: bakearen eta herrien burujabetzaren eta nazioarteko zuzenbidearen errespetuaren aldarria. Azken baten, eskalada militar arduragabea geratu beharra dagoelako.
Hala, EH Bilduk ekintza egin du Bardeetako tiro-poligonoan, bakea aldarrikatzeko eta inperialismoa eta haren ondorioak salatzeko. Donald Trumpen aurpegia eta NATO akronimoa proiektatu ditu Bardeako irudi geologikoen gainean, biak ala biak tatxaturik, azken hilabeteotan munduan gertatzen ari dena gaitzesteko sinbolo gisa.
Ekintza honen bitartez, ezker subiranistak egungo nazioarteko ordena zeharkatzen duten autoritarismoa, inperialismoa eta militarismoa salatu nahi ditu, eta gogora ekarri du Donald Trumpek bere adierazpenik agerikoenetako bat ordezkatzen duela. Eraso inperialistak, gerrak, okupazioak eta logika militarista nazioarteko zuzenbidearen eta herrien burujabetzaren gainetik gailentzen dira oraindik ere.
EH Bilduk bere egiten du euskal herritarren gehiengo handi batek behin baino gehiagotan adierazitako sentimendua: bakea gailendu behar da munduan, nazioarteko zuzenbidea errespetatu beharra dago, herrien burujabetza errespetatu beharra dago eta gatazken konponbide baketsu eta demokratikoari bidea eman behar zaio; era horretara, mundua ezegonkortasunera eraman duen eskalada militar arduragabea geratzea premiazkoa da.