AKTUALITATEA

| 2021-12-10

Independentziaren aldarria pandemiak kolpaturik

Abenduaren 12a, Kanakiako herritarrak hautestontzietara deituak dira hirugarren independentzia-erreferendumean botoa emateko. Noumeako 1998ko akordioetan adostu zen bezala, hirugarren eta «azken» autodeterminazio erreferenduma izanen da heldu den igandekoa. Aitzineko bietan, baiezkoaren aldekoek bozen %43,33 (2018) eta % 46,74 (2020) lortu zen, hurrenez hurren. Independentziaren aldeko bozek goraka egin dute eta igandeko erreferenduma erabakigarria izanen dela aurreikusi daiteke.

Baina, COVIDaren testuinguru honetan, erreferendum honen izaera demokratikoa zalantzan jarria da. Izan ere eta pandemia honen ondorioz, herrialdea gogorki kolpatua da momentu honetan. Egoera ikusirik, hainbat sektorek kontsulta data atzeratzearen nahia lehen lerroan jarri dute: Kanakiako Kongresuaren gehiengoa zein Pazifikoko hainbat gobernuetako ordezkariak besteak beste. FLNKS-ek bere aldetik, erreferendumean parte hartuko ez duela iragarri du.

Kanakiatik haratago, Frantzian ere hainbat mugimendu eta ahots altxatu dira erreferenduma data pausatzearen alde. Hirugarren erreferendum hau, hitzordu biziki garrantzitsua da Kanakiar herrialdearentzat. Tamalez, COVID egoerak ez du ahalbidetzen hitzordu honen hein bereko erantzun bat ematea. Data atzeratzeari uko egiteak, parte hartzea bera zalantzan jartzen du, batez ere eskualde pobreenei dagokionez. Izan ere, horiek baitira pandemia honen ondorioak gehien pairatzen dituztenak. Krisi sanitario bete betean antolaturik eta mugimendu independentistak ordezkatzen dituen kanakiarren parte hartzerik gabe, hirugarren erreferendum horrek ez du sinesgarritasunik, ez eta zilegitasunik. Herri batek aitzina eramaten duen ariketa demokratikoa bera zalantzan jarria izanen da.

Frantziar estatuak deskolonizazio prozesuari arduragabekeriaz aurre egiten dio, presidentzialen perspektiba hurbilean bestelakoak diren interes batzuen arabera jokatuz, eta independentisten bozkaren hobetzea bera hipotekatuz.

Zentzu horretan, salagarria iduritzen zaigu, Frantziar gobernuak hirugarren erreferendum honentzat aurreikusi duen presentzia polizial eta militarra. Zer da pasarazi nahi duten mezua? Are gehiago, Kanakiako hainbat sektorek etorrera masibo hori salatu dute.

Gure irudiko, eta ariketa hau ahalik eta era demokratikoan burutzeko eskubidea defendituz, bere biziko garrantzia zuen erreferendumaren data atzeratzeak.

Hala gertatu ez izanak kalte egin dio autodeterminazio ariketa demokratiko ederra izan behar zuenari eta egoera zalantzaz betetzen du. Aurrera begira, Kanaky-Kaledonia Berria berme guztiekin bere etorkizunaz erabaki ahal izatea espero dugu.

Hori dela eta, eta momentu honetan Kanakiako herrialdean bizi duten egoeraz jabeturik, gure sustengu osoa adierazi nahi dugu Kanakiar herri guziari.