Estatuko egoera politikoa eta nazioarteko testuingurua aztertzeko EH Bildu indar soberanistekin eta ezker plurinazionalarekin izaten ari den aldebiko bileren harira, topaketa egin du ezker subiranistak CUPekin.
Bilera ezker subiranistaren Bilboko egoitzan egin dute, eta bertan izan dira, EH Bilduren izenean, Arnaldo Otegi idazkari nagusia, Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria eta Gorka Elejabarrieta Harremanetarako idazkari eta Senatuko bozeramailea. CUPen izenean Blai Taberner Ekintza Politikoko idazkaria eta Su Moreno Harreman Politikoetako idazkaria izan dira.
Bileran, bi erakundeak kezkatuta agertu dira ofentsiba atzerakoiak aurrera egin duelako; izan ere, haien ustez, eraso horiek hainbat hamarkadatan mobilizazio sozial eta politikoan lortutako eskubideak eta askatasunak mehatxatzen dituzte. Era berean, kezka agertu dute nazioarteko zuzenbidearen printzipioen ahultzeak eta logika belizisten areagotzeak markatutako nazioarteko testuinguru baten aurrean.
EH Bilduk eta CUPek elkarrekin lan egiteko konpromisoa berretsi dute, beren herrien askapen nazionaleko prozesuak aurrera eramateko, eskubide sozial eta politikoak bermatzeko modu hobe gisa, baita indar atzerakoien aurrerapena eta nazioentzat eta langileentzat osatzen duten mehatxua geldiarazteko ere.
Euren herrien askapen nazionala eta soziala erdigunean kokatu dituzte, burujabetza nazionalaren konkista eraldaketa sozialetik eta gizarte justuago, parekideago eta askeagoak eraikitzetik banaezina dela ulertuta. Zentzu horretan, bi alderdiek pertsonen bizi-segurtasuna bermatzearen garrantzia nabarmendu dute, zerbitzu publikoak indartuz eta funtsezko eskubideak babestuz, hala nola etxebizitza eskuratzea, osasun publiko eta unibertsala eta kalitatezko hezkuntza publikoa. Haien ustez, politika horiek tresna eraginkorra dira desberdintasunei aurre egiteko eta gizarte kohesioa indartzeko, eta olatu atzerakoiaren gorakada geldiarazteko antidotorik onena dira. Azpimarratu dutenez, pertsonei bizitza duinak bermatu behar zaizkie.
Era berean, borroka antifaxistaren eta eskuin muturrari, arrazakeriari, matxismoari eta autoritarismoari aurre egiteko gai izango diren alternatiba politikoen eraikuntzaren garrantzia berretsi dute bi erakundeek. Herri antolakuntzatik, eskubide kolektiboen defentsatik eta herrien arteko elkartasun internazionalistatik eraiki beharreko erantzuna, hain justu.
Azkenik, EH Bilduk eta CUPek elkarrizketa eta elkartruke politikorako espazio honi jarraipena emateko borondatea adierazi dute, bi erakundeen arteko harremanak sendotu eta euren herrien askapenaren eta sistema kapitalistaren gainditzearen alde lanean ari diren indar soberanista eta ezkertiarren arteko estrategia partekatuan laguntzeko asmoz.
Ofentsiba atzerakoiaren aurrean, burujabetza gehiago, eskubide gehiago eta herrien arteko elkartasun gehiago aldarrikatu dituzte. Euskal Herriak eta Herrialde Katalanen erronkak eta askatasun aukerak partekatzen dituzte.