AKTUALITATEA

| 2020-03-10

Julen Arzuagak 2019ko maiatzaren 2an aurkeztu zuen salaketaren ondorioz, Jusapol (Polizia espainola), Jucil (Guardia Zibila) eta SiPE (Ertzaintza) sindikatu polizialen ordezkarien aurkako epaiketa egingo da bihar, 9:00etan, Gasteizko Justizia Jauregian. Legebiltzarrak Estatu espainolaren indarkeriaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko legea onartu zuen egunean, 2019ko apirilaren 4an, alegia, PPk gonbidatuta bertan zeuden polizien eta guardia zibilen ordezkariek EH Bilduko legebiltzarkidearen diskurtsoa moztu, mespretxuzko keinuak egin eta irainak bota zizkioten. Besteak beste, keinu bat egin zioten, eskuz, pistola bat balute bezala, mehatxu gisa. Gero, behin eztabaida parlamentarioa amaituta, Jusapoleko bozeramaile batek delitu larriak leporatu zizkion publikoki eta horrek irain eta mehatxu larrien biktima izatea ekarri zion sare sozialetan. Legebiltzarreko Mahaiak adierazpen publikoa egin zuen orduan Arzuagari babesa erakusteko eta mehatxu eta irainak gaitzesteko.
Egun hartan gertatutakoaren ondorioz Arzuagak aurkeztutako salaketa aintzat hartu zuen Gasteizko 4 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak maiatzaren 26an, eta bihar ahozko epaiketa egingo da Jusapol, Jucil eta SiPE sindikatuetako ordezkarien aurka. Epaiketa pasa den urtarrilaren 24an egitekoa zen, baina atzeratu behar izan zen epaitegiak ez zituelako akusatu guztiak deitu. Arzuaga babestuz, Larraitz Ugarte eta Unai Urruzuno legebiltzarkideak eta Egiari Zor biktimen elkarteko bi kide akusazioaren lekuko gisa arituko dira bertan.
Epaiketa iristen da, hain justu, Jusapolen mehatxu eta istiluen ondoren –Madrilen, Kongresuan, iragan astean– eta, finean, agerian utziko du Estatuko Segurtasun Indarren hainbat ordezkarik Estatuak berak eragindako biktimen existentzia bera ukatzen dutela eta, haien aitortza galarazteko, irain eta mehatxu egitera jotzeko prest daudela. EH Bilduk, ordea, behin eta berriz adierazi du, eta hala berresten du gaur ere, biktima guzti-guztiek, salbuespenik gabe, egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea dutela.
Gogoan izan behar da, halaber, testuinguru berean Dignidad y Justicia elkarteak Arzuagaren kontra jarritako kereila bertan behera geratu zela aurkeztu eta berehala, EAEko Auzitegi Nagusiak tramitera onartu ere ez zuelako egin, 2019ko maiatzaren 30ean. Epaileak ez zuen inolako delitu zantzurik ikusi EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan eta, gainera, gogorarazi zuen adierazpenok bortxaezintasun parlamentarioak babestuta egin zituela. Bere aldetik, Jusapolek ez zuen salaketarik aurkeztu, publikoki kontrakoa iragarri arren.