Arkaitz Rodriguezen adierazpenak:
Dei egiten diogu euskal gizarteari larunbat honetan Euskal Herriko eta Palestinako selekzioek jokatuko duten partidan eta Gernika-Palestina, Gure Esku eta Gu ere bai taldeek deitutako kalejiran parte hartzeko.
Bi mezu argi igorri nahi ditugu.
Lehena: Palestina berriro besarkatuko dugu. Inoiz baino beharrezkoagoa da genozidioa salatzen eta herri palestinarraren eskubideak defendatzen jarraitzea, ezer ez baita amaitu. Israelek palestinarrak bonbardatzen, hiltzen, setiatzen eta kolektiboki zigortzen jarraitzen duelako. Okupazioak eta apartheidak dirauten bitartean, Israelek nazioarteko zuzenbidea urratzen jarraituko duelako eta arazoa ez delako konponduta egongo. Horregatik, mobilizatzen jarraitu behar da, gobernuak presionatzen eta Israel isolatzen, egin den apurra, herriaren presioari esker egin delako. Euskal Herria erreferente izan da eta izango da Palestinarekiko elkartasunean, behin eta berriz kaleetan eta uda honetan La Vueltan erakutsi duen bezala. La Vuelta gelditzea lortu eta, modu horretan, elkartasuna ekintzetan oinarritzen dela erakutsi zuen Euskal Herria horrek gol berri bat sartu behar du. Palestinaren aldeko konpromiso horrek harro sentiarazi behar gaitu berriro.
Eta bigarren mezua: Euskal Herria, Palestina bezala, nazio bat da. Nazio horrek selekzio ofizialak izateko eta bere etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea du. Ez da kasualitatea Palestinarekin solidarioak izatea: Euskal Herria ere herri ukatua, zatitua eta zapaldua da. Haren kausa gurea da, munduko herri zapaldu guztien kausa.
Horregatik guztiagatik, Bilboko kaleak modu masibo, baketsu, alai eta aldarrikatzailean betetzeko deia egiten dugu, Palestinaren eta Euskal Selekzioaren alde. Larunbatean, protagonismoa jendearena eta jokalariena izango da.
Gora Palestina libre, gora Euskal Selekzioa eta gora Euskal Herria askatuta!