Onintze Oleagari, EH Bilduko Udalgintza arduradunari, euskararen egoerari eta etorkizunari buruz galdetu diote Naiz Irratiko elkarrizketan, eta kezkatuta agertu da, «oldarraldi judiziala bizi dugulako euskararen kontra». «Euskarari etorkizun oparoagoa bermatzeko, lege aldaketa behar dugu. Eta horretan ari gara Eusko Legebiltzarrean. Espero dezagun euskara sustengatu eta bermatuko duen marko normatibo berri bat izatea, gehiengo zabala dagoelako horretarako», azaldu du.
Bestetik, Udalhitzen inguruan galdetuta (Euskadiko toki-erakundeentzako lan-harremanen esparru sektoriala eratzeko protokoloa), Oleagak azaldu zuenez, «Azkeneko urte luzeetan, sindikatuen eta Eudelen artean ez da harremanik izan. Eudelen sartu garenetik beti ahalegindu gara harreman hori eraikitzen. Sindikatuek euren proposamenak egin dituzte, baina Eudelen aldetik ez dago jarrera bateraturik. EH Bilduk badauka proposamena, baina EAJk ez du jarrera finkatu, eta horrek ekarri du aurreko ostiraleko negoziazio mahaia bertan behera geratu izana».
«Udalhitz berria behar dugu eta arduraz jokatzera dei egiten dugu. EH Bilduk badauka proposamena, Udalhitzek zerbitzu publiko sendoak bermatzeko, euskararen erabikera areagotzeko eta udalen egonkortasuna bermatzeko», aldarrikatu du arduradunak.