AKTUALITATEA

| 2020-07-08

Jasone Agirre kezkagarritzat jo ditu Ordiziatik iristen diren albisteak, birusaren berragerraldia dela eta, eta dei zuzena egin die Galdakaotik Urkullu eta Mendiari. Biei eskatu die “EH Bildurekin eta Ordiziako gure alkatearekin elkarlanean aritzeko, osasun-larrialdi honi elkarrekin aurre egin ahal izateko”. Izan ere, “hau hauteskunde- lehia baino garrantzitsuagoa da; ez du zerikusirik dominak jartzearekin, herritarren osasuna zaindu eta bermatzearekin baizik”.

Bizkaiko zerrendaburuak aditzera eman duenez, “herritarrek ez dakite zein den Ordiziako fokuaren benetako irismena, ez baitira benetako datuak eskaintzen ari, eta herriko alkatea bera ere kezkatuta dago Jaurlaritza datuak ezkutatzen ari delako kanpainan”. Hori dela eta, kontuz ibiltzeko eskaria helarazi die berriz ere herritar guztiei –“ez da guardia jaisteko garaia”– eta ohartarazi du “ez dugula nahi beste leku batzuetan gertatu dena gertatzea, ez Zaldibarren gertatu zena, ez pandemia iritsi aurretik gertatu zena”. Horri jarraituz, Agirrek “jendeari, alkateei eta osasun arloko profesionalei entzungo dien gobernu bat” eskatu du, orain arte gertatu ez dena, alegia. “Martxoan kanpaina bertan behera uzten eta hauteskundeak bertan behera uzteko eskatzen lehenak izan ginen, baldintzak betetzen ez zirelako, eta gure proposamenak aurkeztu dizkiogu Mendia eta Urkulluren exekutiboari, baina, zoritxarrez, nahiago izan dute ez entzun”.

Arnaldo Otegi: “Bi aukera baino ez, edo EH Bildu edo EAJ”

Jasone Agirre ez ezik, Arnaldo Otegi ere izan da Galdakaoko ekitaldian. Koalizioko koordinatzaile nagusiak “boto abertzale, subiranista, sozialista eta antifaxista guztiak EH Bildun kontzentratzeko deia” berretsi du, hauteskunde hauetan EH Bildu delako boto eraginkorrena. Azaldu duenez, “EH Bildu edo EAJ, bi aukera erreal horiek besterik ez daude, gainerako guztiek ezin dutelako ez irabazi ez euskal eskuinaren nagusitasuna baldintzatu”.

Otegik politika abertzaleak egiteari uko egitea eta abertzaleen arteko elkarlana ezinezko egitea egotzi dio EAJri, “unionismotik jasotzen duen boto andana arriskuan ez jartzearren”, eta behar-beharrezkotzat jo du igandean “energia eta boto guztiak mobilizatzea ikusezinek ahotsa izan dezaten, bai eta Euskal Herriak ere, proiektu emantzipatzaile bezala”.