AKTUALITATEA

| 2021-12-16

Izurritearen lehen olatuan Jaurlaritzak martxan jarritako kontziliaziorako ezohiko laguntzak berriz indarrean jartzea eskatu du EH Bilduk, “seigarren olatu hau inpaktu handia izaten ari baita umeengan, txertaturik ez dagoen kolektibo nagusia direlako, eta, ondorioz, euren familiengan”. Nerea Kortajarenak azaldu duenez, “ume asko etxean konfinaturik geratu behar izaten ari dira, eskolara joan gabe, eta hori kontziliazio arazo handiak sortzen ari da, guraso askok lanera joan behar dutelako eta ez dutelako seme-alabak non utzi. Kontziliazioa amesgaizto bilakatu da milaka etxetan”.

Errealitate horri erantzun nahian, EH Bilduk kontziliaziorako ezohiko laguntzak berreskuratu beharra azpimarratu du, eta proposamena helaraziko dio formalki Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuari, Kortajarenak iragarri duenez, “ez dugulako ikusten Gobernuak arazo honi merezi duen arreta ematen dionik”.

Une honetan 256 ikasgela itxita daude, covid kasuengatik, 134 ikastetxetan eta kontzilliazio arazoak larriagotuko dira Gabonetako oporraldiarekin. “Umeen zaintzan ohikoak diren errekurtsoak (aitona-amonak, aisialdiko aktibitateak…) aurten ezingo dituzte baliatu gurasoek, umeak oraindik txertatu gabe daudelako. Egoera honetan ez litzateke batere egokia izango aitona-amonekin geratzea, eta Gabonetako ohiko jarduerak oso mugatuta egongo dira. Hau horrela, une honetan ezinbestekoa da kontziliazioa errazteko eta familiei laguntzeko neurri zehatzak eta ezohikoak premiaz indarrean jartzea. Gobernua ezin da geldirik geratu; bere ardurak hartu eta soluzioak eskaini behar dizkie familiei”.

Zehazki, EH Bilduk lanaldia murrizteko, eszendentzia hartzeko edota pertsona bat kontratatzeko laguntzen programa bat eskatu du, COVID Funtsaren baitan, egoera honetan seme-alaben zaintza modu egokian ahalbidetzeko. “Halaber, garrantzitsua da diru-laguntza hauen ordainketa modua aldatzea eta izapidea eta betekizunak erraztea, behin eskaera onartuta, laguntzaren ordainketa aurreratzeko. Laguntza ez dakit zenbat hilabete igaro ostean ordaintzen bada, ez da iritsiko egoera zaurgarrian dauden familiengana. Hilabetea ozta-ozta amaitzen duen guraso batek ezin du ez lanaldia murriztu, ez eszendentzia hartu seme-alaba zaintzeko, laguntza berehalakoan kobratzen ez badu. Ordainketa modua aldatu ezean, familia horiek laguntzetatik kanpo geratuko lirateke, eta hori ez da bidezkoa”.

Kortajarenak gogora ekarri du EH Bilduk behin eta berriz eskatu dituela kontziliazioa errazteko laguntzak eta neurriak pandemia hasi zenetik, baina, deitoratu duenez, “Jaurlaritzaren erantzuna ez da egoeraren larriaren tamainakoa izan”.