AKTUALITATEA

| 2021-11-09

EH Bilduren delegazio bat Glasgow-n antolatutako COP26 aldaketa klimatikoaren aurkako goi bilkuran parte hartzen ari da. Mikel Oterok, Idurre Bidegurenek eta Laura Aznalek osatu dute delegazioa. EITB-ko Boulevard programan Otero elkarrizketatu dute gaur.

PORROT EGINGO DU BILKURAK?

Arrisku handia dago hala izateko. Mahai gainean zeuden helburuak urrun geratuko direla dirudi. Lehenbizikoa ikatzaren erabilerarekin amaitzea zen, baina jada ikusi ahal izan dugu nola Ameriketako Estatu Batuak eta beste herrialde batzuk akordio horretatik kanpo geratu diren.

Era berean, adierazpenen, konpromisoen eta ekintzen artean sekulako arrakala dago. Politikak ez dira heltzen, Pariseko akordioak era izugarri geldoan egiten du aurrera, emisioen eskubideak etab. Gauzek ez dute aurrera egiten. Beraz, azken egunetan sorpresa ikaragarri bat eman ezean, #COP 26 goi bilkurak porrot egingo duela esan dezakegu.

EAEko EGOERA

Oso txarto daude. Garrantzitsua da aipatzea bilkura honetan konpromisoak estatalak edota estatu-gaindikoak direla. Hortaz, burujabetza arazo bat dugu aldaketa klimatikoaren aurka borrokatu eta gure plan propioak zehaztu aldera.

Baina emisioei dagokionez, gure egoera txarra baino, oso txarra dela esan genezake. Europarekin konparatuz gero, 1990etik, Europar Batasunean eman den emisioen murrizketa %24koa izan da; EAEn berriz %11koa. Beraz, oso argi dago zehaztutako helburuetatik oso urrun gaudela. Gainera, ez dugu inolako planifikazio markorik, ez dugu lege propiorik eta egun martxan dauden estrategiak Pariseko goi-bilkura baino lehen zehaztutakoak dira; hortaz, helburuak erabat zaharkituta daude. Horretaz gain, ez dugu ekonomiari lotutako inolako bide-orririk, ez sektorialik ezta orokorrik ere.

Gure herrialdeko politika klimatikoak oso egoera kaxkarrean daude eta esfortsu handia egin beharko da egoerari buelta eman ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzaren baitan izugarrizko kontradikzioa dago. Eusko Jaurlaritzak parke eolikoak sustatu egiten ditu, baina gero, bera izan da Arkamon eta Iturrietan aurkako txostenak aurkeztu dituena; ezin baitugu ahaztu gure dibertsitatea zaindu egin behar dugula eta bi parke horiek kontserbazio gune garrantzitsuetan eraiki nahi ziren.

EH Bildutik uste dugu energia berriztagarrien aldeko apustua erabakigarria izan behar dela, aldaketa klimatikoaren aurkako oinarrietako bat delako. Aitzitik, energia berriztagarrien plan sektorial baten beharra ere azpimarratzen dugu: ordena behar da, eta ondo neurtu zein izango den lurraldearen gainean egin nahi dugun apustua, ezin direlako azpiegiturak edozein modutan eraiki, izan ere, jakin baitakigu klimaren aurkako arrisku potentziala ere izan dezaketela. Egin behar da, baina egin behar da ondo eta era planifikatuan.