AKTUALITATEA

| 2023-07-17

Agerraldia egin dute Laudioko Tubacex enpresaren aurrean Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako Arabako zerrendaburuak eta Oskar Matute Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak.

Iñaki Ruiz de Pinedo: “Beti egon gara eta egongo gara langile klasearen alde”

Tubacexen gaude gaur. Enpresa horren agintariek bere plantillaren zati handi bat kaleratzea erabaki zuten, eta bertako langileek ia 8 hilabeteko greba eredugarria egin zuten. Greba horrekin irabazi zuten: enpleguak berreskuratzea zituzten eta soldatak hobetzea ere lortu zuten. Borrokak merezi duenaren adibiderik onena dira Tubacexeko langileak. Eredu izan zirn Euskal Herri osorako, eta EH Bilduk babestu eta defendatu egin zituen.

Beti egon gara eta egongo gara langile klasearen alde. Beti. Kalean eta erakundeetan, lan eskubideak defendatzeaz eta hobetzeaz arduratuko gara.

Hala egin dugu Madrildik ere, lan ikuskaritzak enplegu erregulazioko espedienteen gaineko lan kontrola berreskuratzea lortu baitugu, justifikaziorik gabeko kaleratzeak oztopatzeko. Deslokalizazioak saihesteko neurriak eta gure lurraldea uzten duten enpresei lortutako laguntza publikoak itzultzeko betebeharrak ere lortu ditugu herri honentzat.

 
Oskar Matute: “Erakutsi dugu guk gure hitza betetzen dugula eta beti, beti, langileen beharrak eta eskaerak beste edozein interes alderdikoi edo partikularren gainetik jartzen ditugula”

Baina egindako lan guzti hori ez da nahikoa. Euskal langileek gehiago behar eta merezi dute. Horregatik, gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen dugu, PPren lan erreformak kendutako lan eskubide guztiak berreskuratzeko, hala nola kaleratzeagatiko kalte ordaineko 45 egunak, izapidetze soldatak, hitzarmen propioekiko errespetua, behartutako egonkortzeari amaiera emanez eta gazteen prekarietateari, generoko soldata arrakalari edo lanaldi murrizketari amaiera emateko neurri berriak gehituz.

Eta bai, soldatak igo behar ditugu. Bizitzaren garestitasuna asko igotzen delako. Soldatak, ordea, ez. Horregatik, Lan Harremanen Euskal Esparrua aldarrikatzea eta benetan sortzea eskatzen dugu, hemen dagoen indar sindikalari esker, langileen indarrari esker, hitzarmen, baldintza eta soldata duinak ziurtatzeko.

Horregatik, langile guztiei eskatzen diegu gugan konfiantza izan dezatela beren lan eskubideak, soldata eta baldintzak errespetatzen eta hobetzen aurrera egiteko. Izan ere, erakutsi dugu guk gure hitza betetzen dugula eta beti, beti, langileen beharrak eta eskaerak beste edozein interes alderdikoi edo partikularren gainetik jartzen ditugula. Guk ez dugu huts egingo.