Iker Casanova EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak gogor salatu du Unai Rementeria BBK Fundazioaren presidente izendatu izana. “Onartezina” dela esan du, eta erabaki “erabat politikoa” dela azpimarratu du, gaur eguerdian, Hamaika Telebistari eskainitako elkarrizketan. “Guggenheim Urdaibairekin batzuk konturatu dira Bizkaia ez dela batzokia, baina oraindik joera batzuk eta tendentzia batzuk mantentzen dira. Eta Rementeriaren izendapenarekin uste dut frogatzen dela, nahiz eta Guggenheimen kasuan errealitatearekin talka egin, beste esparru batzuetan jarraitzen dutela berdin pentsatzen. Eta gure esku baldin badago, saiatuko gara portaera eta pentsaera hori neutralizatzen”, esan du.
25.000 euskal gazte atzerrian bizi direla eta berriz ere Euskal Herrira itzuli nahi dutela gogoratu du Casanovak eta gazte hori horiei zein mezu bidatzen zaien galdetu du. “Atera alderdi baten karneta eta aukerak izango dituzu izendapen goxoenak disfrutatzeko. Horrek kalte handia egiten digu, eta hemen, herri honetan, oraindik badirudi enpresa batzuen buruan ez daudela pertsonarik egokienak”. Gaineratu duenez, “enpresa publiko eta pribatuetan ez daudela pertsonarik egokienak eta kontratu publikoak ez dituztela eskuratzen prestatuen dauden enpresak, baizik eta kontakturik eta alderdi zehatz batzuekin harremanik onena dauzkaten enpresak eta pertsonak. Eta hori borrokatu behar dugu.
Egoera hori Euskal Herriarentzat “zama” dela esan du EH Bilduren Bizkaiko bozeramaileak. “Herri honetan zuzendaritza postuetan toki askotan ez daude onenak edo merezi dutenak, baizik eta alderdi zehatz batekin harremana daukatenak. Eta hori gainditu behar dugu”.
Rementeriak Elkarkidetzaren ardura hartu zuenean, EH Bilduk “zuhur” jokatu zuela esan du, baina kasu hau ezberdina dela nabarmendu du. “BBK fundazio bat da. Beste profil batzuk behar dira horretarako, profesionalagoak, independenteagoak. BBK denon esfortzuarekin eta instituzio publikoen esfortzuarekin sortutako denon ondare bat da, eta ezin da erabili alderdi baten patrimonio pribatua izango balitz bezala”.