AKTUALITATEA

| 2023-05-16
Iker Casanova Bizkaiko Foru Aldundirako hautagaiak eta Maria del Rio Bilboko Udalerako hautagaiak agerraldia egin dute, gaur goizean, politika klimatikoez aritzeko.
 
Maria del Rio: “Trantsizio energetikoak gure ongizatea baldintzatuko du hurrengo urteetan”
 
Krisi ekosozial eta energetiko baten erdian bizi gara. Eta hala bizitzea tokatuko zaigu gaur bizi garen belaunaldiei eta baita atzetik datozenei ere. Gaur zutik jarri eta beren lehen pausuak ematen ari diren umeak 2040an iritsiko dira adin-nagusitasunera. Krisi ekologikoak zeharo baldintzatuko ditu beren bizimoduak, horretan ez dago zalantzarik. Baldintzapen horren zenbatekoa eta nolakotasuna da jokoan dagoena, neurri handian datozen urteetan.
 
2040rako Euskal Herria sakonki eraldatuko da, maila askotan. Horretan ere ez dago zalantzarik. Aldaketa handiak datoz eta gure gizarte-antolamenduaren atal askori eragingo diete. Aldaketa horren norabidea da jokoan dagoena, neurri handian datozen urteetan.
 
Herritarrak gure ongizatea baldintzatu duten prozesuen parte egin behar ditugu, eta horretarako baliabideak jarri behar dira instituzio publikoetatik. Eta prozesurik baldin badago datozen urteetan gure ongizatea baldintzatuko duena, hori trantsizio energetikoa da. Gobernantza kolaboratiboa ezin da marketing politikoa izan. Horregatik, ez da onargarria herritarrei lau urtean behin bozka eskatzea ondoren erabakiak beraien bizkar hartzeko. Esan bezala, EH Bildu instituzio nagusietan gobernu arduretan baldin badago, hurrengo legegintzaldiaren lehen zatian prozesu deliberatibo herritarrak jarriko ditu martxan eskualde guztietan, eta energia berriztagarriei lotutako proiektuak prozesu horien baitan aztertuko dira.
 
 
Iker Casanova: “Energia berriztagarriekin lotutako proiektuak deliberazio prozesu herritarren baitan aztertu behar dira”
 
Norabidea finkatzeko momentua da, ez dago denbora galtzerik. Klima-larrialdiari, biodibertsitatearen krisiari eta energia-krisiari Euskal Herritik nola erantzungo zaion, hori da, zalantzarik gabe, herri honek bere historian aurre egin behar izan dion erronkarik handienetakoa. Eta erronka horri aurre egiteko inoiz ezagutu ez den inteligentzia kolektiboaren aktibazio handiena beharko da, Euskal Herriko gaitasun zientifiko, instituzional eta sozialen aurrekaririk gabeko aktibazioa behar dugu.
 
Baina inteligentzia kolektiboaren aktibazioaz gain, funtsezkoa izango da herritarren parte-hartzea. Eraldaketa ekosozialak erdiz erdi eragingo dio gure lurraldeari eta garapen-ereduari. Gure gizarte-antolamenduaren atal asko, ehun produktiboa eta ohitura sozialak aldatu beharko ditugu testuinguru historiko berrira egokitzeko, eta horrek garapena ulertzeko oinarri berriak finkatzea eskatzen du, gizartearekin modu partekatuan egin beharreko zerbait.
 
Horregatik uste dugu deliberazio herritarraren bidea hartu behar dela. Gure proposamena da hurrengo legegintzaldiko lehen zatian deliberazio prozesu herritarrak abiatzea Hego Euskal Herriko eskualde guztietan. Trantsizio energetikoa hartuz deliberazio prozesu horien ardatz gisa. Zergatik? Gure lurraldea eta garapen eredua goitik behera baldintzatuko duen prozesua delako trantsizio energetikoa. Gure gizarte antolamendu osoa, ehun produktiboa eta ohitura sozialak aldatu beharko ditugu testuinguru historiko berrira egokitzeko, eta horrek garapena ulertzeko oinarri berriak finkatzea eskatzen du; eta hori herritarrekin batera egin behar da, gizartearekin modu partekatuan. Energia berriztagarriekin lotutako proiektuak halako deliberazio prozesu herritarren baitan aztertu behar dira, herritarrak parte eginez.
 
Badaukagu klimaren asanblada herritarraren proiektuaren erreferentzia. Ikasketa prozesu interesgarriak daude, badaukagu ezagutza maila bat jauzia egiteko. Klimaren asanbladaren proposamena eskualde guztietara jaisteko unea dela deritzogu. Deliberazio prozesu herritar horien emaitzek jarriko lukete datozen urteetan egin beharreko eraldaketaren lurzorua eta iparra.