Euskal Herria Bildu Talde Parlamentarioak legez kanpoko pisu turistikoak iragartzea eta kontratatzea debekatzeko Lege Proposamena aurkeztu du gaur Kongresuan. Kontrolik gabeko fenomeno bat bihurtu dira etxe edo bizitoki turistikoak, eta horrek zuzenean eragiten die herritarren bizi baldintzei, etxebizitza eskuratzeko duten eskubideari, auzoen eta hirien gentritikazioari, bizilagunak kanporatzeari eta turismo masiboa handitzeari.
Alokairu turistikoaren sektoreak gaur-gaurkoz iskin egiten die erregulazioei, eta bereziki lizentziarik ez duten legez kanpoko ostatuetan oinarritzen da. Hain justu ere, EH Bilduk gaur aurkeztu duen legeak modu eraginkorrean eta behin betiko amaitu nahi du egoera horrekin. Horretarako, enpresen eta plataformen gain ere jartzen du legez kanpoko ostatuen ugaritzea saihesteko legezko erantzukizuna.
Orain arte, udalek eta baliabide mugatuak dituzten autonomia erkidegoek arazo asko izan dituzte egoera horri aurre egiteko: baliabide faltagatik kasu batzuetan, eta esku hartzeko borondate falta nabarmenagatik beste batzuetan. Permisibitate hori aprobetxatzen duten alokatzaileek ere ahalbidetu dute pisu turistikoen legez kanpoko merkatua kontrolik gabe ugaritzea.
Iragarkiak ez argitaratzeko betebeharra
Lege honen bidez, autonomia erkidegoek eta udalek pisu turistikoei eta horien errentatzaileei buruzko araudiak eta baldintzak ezartzen jarraituko dute, baina, orain, plataforma digitalen ardura izango da, legez, iragarritako ostatuek baliodun erregistroa edo lizentzia izatea, dagokion autonomia erkidegoko edo udaleko araudiaren arabera. Horrela, legez kanpoko iragarkiak kentzea ez da plataformen borondatearen menpe egongo: iragarkiak hasieratik ez argitaratzeko betebeharra izango dute.
Orain arte, iragarpen irregularrak bermerik gabeko prozesu judizial konplexu eta luzeen ostean bakarrik kentzen ziren, edo enpresa horiei borondatezko eskaerak eginez, iragarkiak kentzea haien esku utziz. EH Bilduk proposatu duen legearekin, aldiz, jada ez da beharrezkoa izango iragarkiak kentzeko eskaera egitea, zuzenean ezingo direlako iragarri legezko baldintzak betetzen ez badituzte. Ezkerreko talde subiranistaren arabera, hori da modu azkarrena eta eraginkorrena legez kanpoko bizitokiekin amaitzeko eta merkatuan berriro jarriko ez direla ziurtatzeko.
Zigor gogorrak
Lege araudi berri hori Espainiako Estatuko eta Europako ordenamendu juridikoan jasotako tresna eta mekanismoetan oinarrituko da: Errentamenduen Erregistro eta Leihatila Bakar Digitalean, iraupen laburreko ostatuen alokairu-zerbitzuei buruzko datuak bildu eta trukatzeari buruzko EBko araudian edo publizitateari buruzkoetan. Horrez gain, legearen baldintzak eta aginduak betetzen ez dituzten enpresei buruzko zigor gogorrak aurreikusten ditu EH Bilduren lege proposamenak: hala nola, legez kanpoko pisu turistikoak argitaratzea eta kontratatzea, erregistro faltsuak erabiltzea edo errentatzaileen nortasun juridikoa ezkutatzea.
Gaur egun, legez kanpoko edo lizentziarik gabeko pisu turistikoen kopurua oso handia da. Hego Euskal Herrian lizentziarik gabeko ostatuak %30 dira. Espainiako Estatuko beste hiri eta erkidego batzuetan ehuneko horiek %60a gainditzen dute. EH Bilduren legea onartu eta aplikatuko balitz, izugarri murriztu litekeela etxe ilegalen parkea, herritarrentzat ondorio kaltegarriak dituen kontrolik gabeko negozioa baita.
Bizitoki larrialdiari aurre egitea
EH Bildurentzat lehentasunezkoa da egungo bizitoki larrialdiari aurre egitea. Horregatik, legez kanpoko pisu turistikoen errealitateari behin betiko aurre egiteak krisi hau eragiten duten arrazoi garrantzitsuetako bat desagerraraztea ekar lezake.
EH Bilduk uste du lege hau aplikatzeak bizitoki krisia arintzen lagun dezakeela, udalen eta autonomia erkidegoen mekanismo eta erabakiekin batera: pisu turistikoak ohiko alokairu parkera itzultzea sustatuz, alokairu eskaintza handituz, eskaintza turistikoa murriztuz eta legez kanpoko turismo negozioarekin amaituz. Neurri horiek hobekuntza nabarmena izango lirateke etxebizitza krisia pairatzen duten eta etxebizitza duina izateko eskubidea bermatua ez duten milioika pertsonentzat.