AKTUALITATEA

| 2020-06-25

“Aldaketa beharrezkoa eta premiazkoa dela uste duten herritarrei, jendea zaintzea beharrezkoa dela uste dutenei, denon artean merezi dugun herria eraiki behar dugula uste dutenei” zuzendu zaie Maddalen Iriarte gaur arratsaldean Gasteizen, hauteskunde kanpaina irekitzeko ekitaldian, eta guztiei eskatu die “argi izan dezatela aldaketa bakarra EH Bildu dela eta orain dela aldaketarako unea”. Izan ere, “herri honek norabide aldaketa bat behar du, politika egiteko modu ahituak ez baitira gai herri honek dituen erronkei erantzuteko. Herri honek jendea ulertu eta zainduko duen gobernu bat behar du, aurrean ditugun erronka globalei erantzuten jakingo duena. Herri hau merezi duen tokira eraman behar dugu, ardura hori dugu eta egiteko prest gaude. Uztailaren 12an gauza asko ditugu jokoan herri bezala”.

EH Bilduko lehendakarigaiak ohartarazi duenez, Urkullu eta EAJren kudeaketa eredua agorturik dago eta hala azalarazi dute pandemiak, Zaldibarko ezbeharrak eta ustelkeria kasuek. Agortze horren lekuko dira, bere iritziz, Jaurlaritzak pandemia hasiz geroztik egin duen kudeaketa –“osasun langileak babesteko materialik ere ez zuten, ikastetxeetara itzultzeko planak ez zeukan ez hanka ez bururik…”– Zaldibarko hondamendia eta Alonsotegi eta De Miguel bezalako ustelkeria kasuak.

Mikel Otero Arabako zerrendaburuak ere aldaketaren beharra aldarrikatu du, bai eta gero eta premiazkoagoa den prozesu horren eredua, hain justu, Araba dela azpimarratu ere. “Azken urteotan erakutsi dugu Euskal Herrian aldaketa haizeak hegoaldetik indartsu jotzen duela. Sekulako astinaldia eman diote herrialde honetako sektore eraldatzaileek Arabako errealitateari, eta aldaketa ezinbestean zabaltzen jarraituko dugu, ez dagoelako beste alternatibarik, etorkizun bideragarri bakarra azpitik eta ezkerretik izango baita”.

Otegi: “Arabak autoritarismoari irabaziko dio berriz ere, aurrekoetan bezala”

Arnaldo Otegik azkeneko bi hauteskunde orokorrak izan ditu gogoan kanpaina irekitzeko ekitaldian. EH Bilduk Araban eskuin espainola eserlekurik gabe utzi zuela gogora ekarrita, ziurtatu du oraingoan ere Arabak berriro irabaziko diola autoritarismoari, “EH Bildu alternatiba antifaxista ere badelako”.

Horren ildotik, EH Bilduko koordinatzaile nagusiak azaldu du “alternatiba izateak desordena neoliberalean ordena jartzea” eskatzen duela, ez dela aski gobernu batean egotea. Hartara, EH Bilduk ez du alternatiba izan nahi gobernuan beste baten ordez egoteko, baizik eta gobernatzeko, ordenatu behar diren gauzak lehenbailehen ordenatzeko, hala nola zaintza lanak, trantsizio energetikoa, osasuna eta hezkuntza. Otegik adierazi duenez, “horrek segurtasun alternatibo bat eraikitzea ekarriko du, eta segurtasun alternatiboa honela laburbiltzen da: gure herrialdean bizi eta lan egiten duen orok, gure herrialdean jaiotzen den orok, bermatuta izango ditu etxebizitzarako, osasunerako, hezkuntzarako, enplegu duinerako, ingurune natural ekologiko batean bizitzeko eta zahartzaroan gure zaintzak bermatuko dituen sistemarako eskubideak”.