AKTUALITATEA

Ekonomia | 2025-01-26

Helena Franco (Getxo, 1967) ezinbestean entzun beharreko ahotsa Euskal Herrian egin beharreko debate fiskalen aurrean. Gipuzkoako Ogasun eta Finantza Foru Diputatua izan zen Bilduren gobernuan (2011-2015). Ekonomi eta Enpresa Zientzietan doktorea da eta EHUko Ekonomia irakaslea izan da.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerga-sistema aldatzeko proposamena egin dute EAJk eta PSEk eta laster eztabaidatuko da hiru batzar nagusietan. Egin duten proposamena nola ikusten duzu? 

Nire balorazioa nahiko ezkorra da. 2024an zehar zerga-sistemaren ganorazko erreforma gisa iragarriz hasi zena, azkenean hobarien bidezko dirulaguntza batzuk emateko ukitu gutxi batzuetan besterik ez da geratu. Hobariak azken finean dirulaguntzak emateko modu estali bat da, baina zoritxarrez, jendeak ekimen publikotik dirua jasotzen ari denaren pertzepzioa ezkutatuta uzten duena, esku-hartze publikoaren legitimazioaren kalterako.

Hori bai, marketin operazio handi baten bitartez saltzen ari dira, proposatutako aldaketa txiki horiek justifikatzeko titularretan etxebizitza, zaintza edota trantsizio ekologikoa bezalako termino potoloak erabiliz, nahiz eta praktikan gai horietan guztietan pizgarri xume batzuk besterik ez dituzten proposatzen, eremu horietako sakoneko arazo eta joerak nekez aldatuko dituztenak. 

Argi dago hobariak ugaritzean oinarritzen den populismo fiskala egitea oso erosoa egiten zaiela agintari politikoei, errazena beti izaten baita jendeari dirua ematea. Baina niri kenkariak eta bestelako pizgarri fiskalak etengabe ugaritzearen jarrera hori desegokia eta, are, arriskutsua iruditzen zait. 

Zergatik?

Batetik, bidegabeak direlako. Ordaindu beharreko zergetatik deskontatu behar direnez, errenta apalenetako herritarrak haietatik kanpo uzten dituzte, ezin izaten dituzte hobari horiek aplikatu.

Eta bestetik, arriskutsua iruditzen zait gure sistema fiskala makaldu egiten dutelako, haren baitan zulo gehiago eginez eta zerga-bilketa ahalmena murriztuz. 

Proposatutako aldaketak aukera galdu bezala ikusten dituzu?

Bai. Hasiera batean iragarri zenaren kontra, aukera ederra galdu da erreforma fiskal arduratsu bat egiteko, egun sistemak duen erregresibitate fiskalari buelta ematen hasi eta diru-bilketa ahalmena sendotzera bideratutako benetako aldaketa bat egiteko.

Zeintzuk izan behar dira, zure ustez, fiskalitatearen helburuak?

Helburu nagusia sektore publikoari bere jarduketak finantzatzeko behar dituen baliabideak ziurtatzea da, oinarri finantzario sendoa bermatuko dion diru-bilketa nahikoa ziurtatzea. 

Egia da, hala ere, beste helburu batzuetarako ere erabiltzen dela, helburu extrafiskalak deitzen direnak, funtsean pizgarri politikak direnak, pertsonen edo enpresen jokabideetan eragin asmoz. Helburu horiek bigarren maila baten geratu beharko lirateke, zerga-bilketan gehienetan eragin negatiboa dutela kontuan izanda, eta gainera egon badaudelako beste tresna asko (dirulaguntzak, inbertsioak, araugintza) politika sektorialetatik martxan jarri eta helburu horiek lortzeko erabil daitezkeenak. Adibidez, etxebizitza arloan, edo zaintzan, edo politika teknologikoan, trantsizio ekologikoan… Eta, normalean, pizgarri fiskalak baino eraginkorragoak izaten direnak.

Bistakoa da 2024an egin duten proposamenean bigarren funtzio hori nagusitu dela, neurri berriek Foru Ogasunen zerga-bilketa ahalmena makalduz, aldi berean eragindako zulo berriak konpentsatzeko proposamenik gabe. 

Nire ustez, gaur egun gauzatu beharko litzatekeen erreformak lehen helburuari erantzun beharko lioke, diru-bilketa ahalmena handitzea presio fiskala inguruko herrialde aurreratuenen mailetara hurbiltzen joateko. Horrek ahalbidetuko baitu gaur egungo Euskal Herriak dituen berebiziko erronkei aurre egiteko sektore publikoak behar dituen baliabideak eskuratzea. 

Azken erreforma fiskala PPrekin egindako akordioaren ondoren onartu zen. 

Zerga arloan oso argi geratzen da ereduen arteko talka, azken erreforma fiskaletan zer gertatu den begiratu besterik ez dago, 2013an eta 2017an, bietan ere aurrera atera baitziren EAJ, PSE eta PPren babesarekin. 

Talka hori bere gordinenean azaleratu zen Bildu Gipuzkoako foru gobernuan egon zenean. 2011an gobernura iritsi ginenean, joera nagusi atzerakoiekin erabat bat egiten zuen fiskalitate bat topatu genuen: zeharkako zergapetzean nabarmenki oinarritua, lan-errentak kapitalarenak baino askoz ere gehiago zergapetzen zituena, enpresen gaineko fiskalitate eskasa zuena eta bereziki eskuzabala enpresa handienekin, eta ondarearen gaineko zergarik ez. Horren aurrean justizia fiskala berreskuratzen hasteko helburuak gidaturik abiatu genuen gure jarduna. 

Hainbat neurri ezarri genituen, hala nola aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zerga bat ezartzea, herentzien eta dohaintzen zein kapital errenten tributazioan goranzko ukitu batzuk egitea, edota enpresen mozkinen gaineko zerga berri bat diseinatzea (elusio-bide asko ixten zituena); eta hori guztia iruzurraren aurkako borroka irmo batekin batera. 

Erantzuna luza gabe etorri zen. Botere nagusien aldetik gure aurkako erreakzio bortitza piztu zen, eskura zituzten baliabide guztiak erabili zituzten hasitako erreforma geldiarazteko, eta azkar batean lortu zuten beste alderdiek (PNV-PSE-PP) kontrarreforma fiskala gauzatzea, gure erreformak abiatutako bidea eta eredu desberdinak posible zirenen itxaropena moztu eta norabide neoliberal nagusira itzultzeko.

Erreforma aurrerakoiak ibilbide motza izan zuen arren, izan zuen alde positibo oso garrantzitsua ere: agerian jarri zuen posible zela beste zerga-politika bat egitea, herritar guztien interesen araberako Ogasun eta Fiskalitate eredu bat martxan jartzea. Eta ez soilik posible dela, horren alde egiteko indar politiko bat ere badela. 

Balizko eztabaida fiskalean, zein eredu daudela esango zenuke?

Kontua da sektore publikoak gure gizarte eta ekonomian zer esku-hartze maila eta zer funtzio izan behar dituen zehazteko orduan, denok ez ditugula iritzi berdinak. Ondorioz, ez dugu berdin zehazten zer nahikotasun finantzarioa behar duen sektore publiko horrek, alegia zenbat diru behar duen bere egitekoa finantzatzeko. Eta horrekin batera,  nola lortu behar den diru hori, hots, nortzuk ordaindu behar dugun, bakoitzak zenbat eta zer irizpideren arabera.

Hor sartzen gara bete-betean eredu fiskalei buruzko eztabaidan, eta harago ere, esango nuke norberaren hautu politikotik lortu nahi den eredu ekonomiko eta sozialaren eztabaidan ere. Zentzu horretan, zerga-sistemak funtsezko piezak dira, herriek merkatuko indarren ondorioen aurrean (alegia, botere ekonomikoa duen gutxiengo horren erabakien aurrean) eragin ahal izateko.

Labur esanda, bi eredu izango genituzke:

Egun nagusi dena, joera neoliberalek hauspotu eta zoritxarrez orokortu egin dutena: sektore publikoa eta haren esku-hartzeko ahalmena murriztera zuzendua dagoena, gastu publiko gutxiagokoa eta, beraz, horiek finantzatzeko finantza-baliabide gutxiago beharko dituena. Kalitate baxuko fiskalitate bat garatzen dute: ahaltsuenei, gehien dutenei, gutxi exijitzen diena, enpresa handien, ondare handien eta kapitalaren errenten gaineko benetako tributazioa makalduz; diru-bilketarako ahalmen gutxikoa, eta, funtsean, langileen eta autonomo txikien errentetan oinarritua. Eta hortik ondorioztatzen dena, baliabide gutxiago izatean txikiagoa izango dela zerbitzu eta politika sozialetan egin ahalko den gastua, eta gauza bera berrikuntzarako edota produkzio-sarearen garapenerako politikei dagokienez.

Eta bestetik, guztiz bestelakoa den eredu bat: oinarritzat sektore publiko indartsu bat duena, aberastasuna birbanatu, ekoizpen-sarearen garapen orekatua bultzatu eta, azken batean, herritar guztientzat ongizate-estandar duinak bermatzeko gai izango dena. Eta hori guztia finantzatzeko justizia eta elkartasunean oinarritutako zerga-sistema aurrerakoi bat garatuko duena. Esan gabe doa gure burua ezkerrean zintzotasunez kokatzen dugun pertsona eta erakundeentzako bigarren eredu hau dela gure eredua.

Zertan oinarritu behar da, beraz, zerga-sistema aurrerakoi bat?

Fiskalitate aurrerakoia oinarrizko printzipio batzuen gainean eraiki behar da, zerga-sistema bidezkoa izan dadin.

Ezaugarri horien arteko funtsezkoenak honakoak lirateke: ekitatea, hots tratamendu fiskal bera ematea errenta edo aberastasun mota guztiei, haien jatorria edozein delarik ere; eta progresibitatea, alegia, zenbat eta gaitasun ekonomiko handiagoa izan, orduan eta handiagoa izatea egin beharreko ekarpen fiskala (termino absolutuetan ezezik proportzionaletan ere).

Zentzu horretan, funtsezkoa da sistemaren euskarri nagusia zuzeneko zergapetzea izatea (PFEZ, Sozietate zerga, ondarearen gaineko zergak), eta ez zeharkakoa (BEZa, zerga bereziak), hauetan ezin baita progresibitatea ezarri. Zoritxarrez gaur egun zerga-bilketaren erdia zeharkako zergei zor zaie, horrek agerian utziz nagusitu den fiskalitatearen izaera atzerakorra. Egoera hori aldatzeko funtsezkoa da zuzeneko zergapetzea handitzea (erlatiboki zeharkakoak pisu gutxiago izan dezan). Kontuan izan behar da, halaber, zeharkako zerga berriak jartzen direnean (adibidez ingurumenezkoak) aurretik dauden zergetan moldaketak egin beharko liratekeela, zeharkako zergapetzeari dagokion presio fiskala handitu ez dadin.

Aurreko ezaugarri horiek bezain inportantea da sistema fiskala eraginkortasun eta justiziaz arautu eta kudeatzea, horrek esan nahi du arau fiskalak diseinatzeko orduan gardentasuna eta sinpletasuna nagusitu eta zerga-iheserako (elusiorako) bideak moztu behar direla, eta arau horiek aplikatzeko orduan ere 0 tolerantzia iruzur fiskalari.

Zure ustez, nondik jo beharko luke erreforma fiskalak?

Gaur egun Euskal Herriak dituen erronkak asko dira (krisi ekologikoa, nazioarte mailako ziurgabetasun politiko eta ekonomikoa, disparekotasunen areagotzea egoera demografiko berria, besteak beste). Eszenatoki konplexu horren aurrean, ezkerraren proposamena inor bazterrean utziko ez duen erantzun antolatu bat eraikitzetik etorri behar da; horretarako funtsezko zutabea izanik esku-hartze eraginkorra burutu dezakeen sektore publiko indartsu bat izatea.

2025. urtean gaude, zerga-erreforma batek eszenatoki konplexu horietarako prestatu behar gaitu. Sektore publiko sendoa behar dugu, eta sendotasun hori, ezinbestez zerga eredu aurrerakor eta bidezkoa indartzearen bidetik etorri behar da. 

Horregatik, nire ustez, erreformak gutxienez honelako neurri eta proposamenak jaso beharko lituzke:

- PFEZean, hots, errentaren gaineko zergan, kapital errentek duten tratu pribilegiatuarekin amaitu eta langileen errentak duten tributazio exijentzietara gerturatzeko urratsak ematea, orain ordaintzen dutenaren tipoak progresiboki igoz, epe motz batean (demagun 5 urte) oinarri bakarrera bueltatzeko.

- Sozietate zergak goitik beherako berrikusketa bat behar duen arren, hori gauzatu artean gutxienez ziurtatu behar da enpresek bere irabazien ehuneko onargarri bat eskainiko diotela kutxa komunari. Horretarako, araudian tipoak igo eta mozkinen bolumenaren araberako eskala bat ezartzeaz gain, benetako mozkinen gaineko tasa efektibo minimo bat ezarriz (abiapuntutzat %15ekoa izango litzatekeena).

- Aberastasunaren zergapetzean, bi ildo: batetik, Ondare Zergaren erreforma bat egitea, gutxienez oraingo zergek (Ondare zerga gehi Fortuna Handien gaineko Aldi baterako Elkartasun Zergak) bien artean ezartzen duten exijentzia bateratua mantenduko lukeena, eta halaber, egun indarrean dagoen ondare zergak dituen zirrikituak ezabatzeko (ezkutu fiskala eta enpresen partaidetzen tributazio eza); eta bigarren ildoa Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko zergari legokioke, izan ere, gero eta frogatuagoa dago herentziak direla aberastasunaren jatorri nagusia. Zentzu horretan, premiazkoa da senide zuzenen arteko ondare transmisio handiei zergapetze maila nabarmenki igotzea, talde horretan ere eskala progresibo bat ezarriz (herentzia txikiei eragingo ez liekeena, beren familia edo posizio sozialengatik dirutzak jasotzen dituzten talde aberatsenei baizik).

Azkenik, ezinbesteko osagarri gisa, iruzurraren aurkako borroka eraginkor baterako beharrezkoak diren bitarteko eta baliabide guztiak ziurtatzea.

Zerga-sistemaren harmonizazioaren beharra hizpide dugu azken asteotan. Zer iritzi duzu horren aurrean?

Gure errealitate fiskalari distantzia apur batekin begiratuko liokeen inor berehala konturatuko litzateke egoeraren zentzugabeaz. Hego Euskal Herrian, lau Foru Ogasun, (horietako hiru erkidego berean -EAEn- eta aldi berean erkidego horretako gobernua fiskalitatean eragiteko ahalmenik gabe). Herri ikuspegi batetik, eta praktikotasunagatik, gure lurralde txiki honetan, ez genuke lau zerga-sistema izan behar. Alde horretatik, zentzuzkoena ziurrenik Ogasun Bakarra izatea litzateke, baina harako bidean, bitartean, harmonizazio maila esanguratsua ziurtatu beharko litzateke, EAEko hiru ogasunen artean ezezik Nafarroarekin ere, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako biztanle eta enpresek joko-arau fiskal berdinetan jardun dezaten. Hori bai, harmonizazioak ez du erabateko homogeneizazioa esan nahi; eskumenak lurralde historikoetan dauden bitartean, eta horietako gobernuak indar politiko desberdinen esku egon daitezkeenez beti egon beharko da politika fiskalean norberaren eredua aplikatzeko marjina, bereziki inportantea dena azken hamarkadetan nagusi izan diren kutsu neoliberaleko fiskalitateen aurrean proposamen aurrerakoiagoak egin nahi diren kasuetarako.

Aldi berean, dumping fiskala, Madrilgo zerga-sistema eta enpresek hemendik alde egiteko mamua ere sarri aipatzen dute zerga-sistemaren aldaketari begirada kontserbadorearekin begiratzen diotenek.

Kapitalen erabateko mugikortasuneko testuinguruan eta nazioarteko panoraman tributazio exijentzia maila desberdinak dituzten eremu fiskalak daudela kontuan izanik, argi dago enpresa handien eta fortuna handien gaineko presio fiskala handitzera bideratutako ekimenek aintzat hartu behar dutela kapitalen deslokalizazio arriskua.

Zalantzarik gabe, mundu mailako (edo behintzat Europa mailako) harmonizazio fiskal handiagoa egotea komenigarria da eta bultzatu beharrekoa, horrek dumping fiskalerako (lurraldeen arteko beheranzko lehia fiskalerako) aukerak murriztuko bailituzke, zergadun handien "ihesak" izateko arriskua nabarmen jaitsaraziz. Esan gabe doa ezkerreko ikuspegi batetik harmonizazio hori ikuspegi ahalik eta aurrerakoienetik egin dadila defenditu behar dugula, harmonizazioa maila onargarrietan eman dadin, eta ez fiskalitate baxuenekin parekatzetik. 

Baina egoera hori lortu bitartean, harmonizazio eza ezin da izan zerga-politika aurreratuak ez burutzeko aitzakia. Herrialde eta lurralde jakinetako gobernuek badute marjina nagusi den ildo neoliberaletik kanpo kokatzen diren proposamen eta neurriak planteatzeko, nahiz eta fiskalitate ez harmonizatua izateak dituen mugak eta arriskuak kontuan hartuta egin beharko duten, horrek askotan nahiko genukeen baino erritmo motelagoan aritzea ekartzen badu ere.

Gainera, soilik arrazoi fiskalek eragindako deslokalizazioak ez dira ez hain errazak, ez hain ohikoak beldurraren diskurtsoa behin eta berriz astintzen dutenek sinetsarazi nahi diguten bezala.

Adibidez, gurean askotan aipatzen da enpresak Madrilera ihes egitearen arriskua, bertoko exijentzia fiskala gorantz bultzatu nahi den bakoitzean. Bistakoa da oso argudio interesatua dela, fiskalitate baxua mantentzeko helburuz errepikatzen dena, baina berez oinarri ahulekoa. Izan ere, batetik, enpresa handi gehienek jadanik Estatuko zerga-araugintzaren arabera tributatzen dutelako, eta beraz, hemen egin daitezkeen aldaketek ez diete gehiegi eragingo; eta bestetik Madrilen erakarpen-efektua deitu dezakegun horrek zerga araudian egon daitezkeen ñabardurekin baino zerikusi handiagoa dauka Madril Estatuko hiriburu izatearekin, eta erabaki eta botere guneak bertan kontzentrazioarekin. Kontu horrek agerian jartzen ditu estatu ez izatearen kostuak eta subiranotasun ekonomikoaren beharra.

Zer eragin izan dezake politika publikoetan eta fiskalitatean mundu mailan gero eta indartsuagoa den korronte atzerakoian?

Azken boladan ikusten ari gara mundu mailan eskuin muturreko korronte atzerakoiak indarra hartzen ari direla; joera horiek gobernuen esku-hartze moduetan eta aurrekontu publikoetan islatuko dira, fiskalitatea barne. Ikusten ari garenarengatik, esan dezakegu enpresa eta fortuna handien gaineko zerga-beherapenak nagusituko direla, sistema fiskalak mehetuz eta are atzerakoiagoak bihurtuz, zerga-kargaren banaketa bidegabea areagotuz (zeharkako zergapetzean eta errenta baxu eta ertaineko langileen gaineko zergapetzean are gehiago oinarrituz). Gastuaren aldetik ere egoera ez da askoz itxaropentsuagoa; litekeena da gastatzeko gutxiago egotea, eta gainera, gastu militarrera eta korporazio handien alderako ekimenetara zuzenduko da gero eta maila handiagoan, beste behin ere gastu sozialaren kalterako. Horrela, aurrekontu publikoa baliabideak gutxien dutenetik gehien dutenera bideratzeko are eta modu lotsagabeagoan erabiliz.
 
Gure fiskalitateari dagokionez, adi egon beharko dugu horrelako politikek ez dezaten ekarri dumping fiskaleko egoera orokor bat, lurralde guztietan fiskalitatea beherantz bultzatuko lukeena (nahiz eta, lehen esan dugun moduan, enpresentzat, eta fortuna handientzat oraindik maila txikiagoan, bere kokapena hautatzeko orduan zerga-exijentzia kontuan hartzen duten elementu bat izan baden arren ez da inolaz ere faktore bakarra ezta garrantzitsuena ere). 

Hortaz, aurrerakoiagoak diren gobernuak, gizarte eta ekonomiaren dualizazio gehikorraren ordez elkartasunean, kohesioan eta garapen jasangarri eta orekatuan oinarritutako lurraldeak nahi dituztenak, tinko mantendu beharko dira olatu erreakzionariotik datozen diskurtso eta mehatxuen aurrean. Eredu fiskalari dagokionez, zehazki, bidezko fiskalitate baten defentsari eutsiz, eta aldi berean, bere politika ekonomiko orokor eta sektorialen bitartez bere ehun produktiboa eta bere aberastasuna babesteko ingurune eraginkorra bermatuz.