AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-11-25

Euskal Herriko Mugimendu Feministak, Gisèle Pelicoten bortxatzaileen kontrako auzian bizirauleak berak erdigunean kokatu duen aldarrikapena bere egin du “Lotsa aldez aldatu da” Azaroaren 25eko manifestazioei begira. Bilboko Mugimendu Feministak gehitu du “beldurra aldez aldatu da… Orain lotsa zuena da”. Lotsa eta beldurra biktima eta bigarren mailako herritar otzanak sortzeko mekanismoak dira. Honek, gertatzen zaizkigun indarkerien aurrean isilik egotea, elkarrekin ez konpartitzea eta hauen jatorria ez politizatzea dakar.

Baina leloak eta azken urteetako ekinbide feministak argi utzi duen bezala, gure artean hitz egiten dugu eta ez soilik erantzuteko, bestelako jendarte bat eraikitzeko ere. Euskal Herriko Bilgune Feministak aspaldi bota zuen bezala, “gutasunak egiten gaitu libre”. Neoliberalismo indibidualizatzailearen aurrean, balore askatzaileak kolektiboan landu eta ontzen direla erakusten digu feminismoak ere.

Baina agerikoa da, beldurra eta lotsa, indarkeria matxista ezberdinak gertatzen jarraitu ahal izateko erabiltzen direla. Lotsa eragile horiek ez datoz soilik erasoak beraiek eragiten dituzten pertsonengatik ordea, lotsa eta beldurra sostengatzeko, paktu sozial patriarkalen beharra dago. Isiltasun konplizeak, fokua erasotzailean jarri ordez biktima kuestionatzen duen jendartea, espazio publikoa hartzeko prest dauden feministei eragiten zaizkien etengabeko eraso berbal eta digitalak, eta aipatutako eraso ezberdin guzti hauek gutxiesteko joerak.

Eta horregatik, EH Bildun Azaroaren 25 honetan, eremu digitalean ematen diren erasoei ere heldu nahi izan diegu. Etengabekoa da gure proiektuaren bozeramaile lanetan dauden emakumeek jaso behar izaten duten indarkeria matxista digitala. Agerikoa da, eskuin muturrak eta indar erreakzionarioek ederki jakin dutela espazio hau nola erabili, baina emakumeon kasuan, koska espezifiko bat egiten du gora erasoaldi honek, era indibidualean baikara erasotuak, gure ideiak, irudia eta pentsamendua gutxietsiz, balorea kenduz, gurea egiten ari garen espazio horretarako kapazitatea zalantzan jarriz. Eta hauek salatu nahi izan ditugu bai, baina aspaldi ere hasi gara bide bat egiten etxe barruan, eraso hauek identifikatzeko, sistematizatzeko eta babes mekanismoak ezartzeko. Bide honetan, Autodefentsa Feminista Digitala martxan jartzen duten kideekin elkartu gara. Ikasi eta ikusi dugu, eremu digitalean jazotzen diren erasoek oinarrizko baloreen desplazamendu bat eragiten dutela, legitimazio prozesu bat sustatu, eta honela, ontzat ematen amaitzen direla bertan esandako asko eta beraz, ondoren, espazio fisikora pasatzeko eta bertan ere irainduak, gutxietsiak eta erasotuak izateko aukera gehiago zabaltzen ari direla. Horregatik, hauek ikusarazi eta hauei aurre egiteko hautua egin dugu.

Baina sareetan ez da soilik hau gertatzen. Askok, komunikazio tresna hauetan, aukera berriak topatu dituzte, jazotakoen berri emateko, talde feminista ezberdinekin harremanak egiteko edo salaketa kanpaina indartsuak egiteko. Pasa den astean Gasteizko legebiltzarrean, aurretik Iruñeakoan egindako bidetik, Indarkeria Matxistaren biktima eta bizirauleentzako erreparazio planak martxan jartzeko prozesu bat abiatzea onartu zen gure ekimenez.. Eta hau lotu nahi dut, hasieran esaten ari ginenarekin. Erreparazioak badu bide indibidual bat, beharrezkoa, indarkeria pairatu duen pertsonarekin egin beharreko bidea dena, bere behar, denbora eta moduak errespetatuz. Baina badago, indarkeria hauek guztiak aitortu, ikusarazi eta hauek sostengatzen dituen paktu sozial hori deuseztatzeko ardura, eta hori erreparazio bide kolektiboekin egingo da. Horretarako, elkarlan espazioak beharko ditugu, indarkeriaren biziraule, mugimendu feminista eta instituzioen artean, udal mailatik hasita. Baina ezinbestean, lotsak eta beldurrak aldez aldatzeko, antolakuntza feminista handia beharko dugu ere, sareetan, kaleetan, lan tokietan, instituzioetan, plazetan, paretetan… Horregatik, Azaroaren 25ean, kaleak hartu eta ozen aldarrikatuko dugu, beldurra aldez aldatu dela eta lotsaren aurrean, mugimendu feministarekiko zein eman dituen aurrerapausoekiko harrotasuna, gurea dela.   

Oihana Etxebarrieta (EH Bilduren idazkari feminista)