AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-02-06

Prentsaurreko baten bidez aurkeztu dute proposamena Izar Hernando Gazte Idazkariak eta Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak. Berehala hartu beharreko bi neurri aldarrikatu dituzte.

IZAR HERNANDO_EUSKARA

Egun, gazteen emantzipazio adinak ez du islatzen gazteek emantzipatzeko dituzten nahi eta beharrak. Datuek ere, argi adierazten dute egoera pentsa daitekeena baino larriagoa dela. Euskal Herria, gazteon bataz besteko emantzipazio adina 30 urteren bueltan dago, hobera egiteko itxurarik gabe.

Hau da, errealitatea agerikoa da: gazteek gero eta zailtasun gehiago dituzte emantzipatzeko eta beraz, gero eta beranduago lortzen dute gurasoen etxetik alde egitea.

Emantzipazioa

Egoera honen aurrean, nabarmendu nahi dugu emantzipazioa ez dela teilatupe bat eskuratze hutsa, ezta legezko tutoreen etxetik alde egite hutsa ere. Emantzipaziorako gaitasun erreala behar dugu gure bizitza ibilbideak gure erabakien arabera egiteko eta horrek, emantzipatzeko gaitasun formal eta materiala izatea eskatzen du.

Emantzipaziorako ibilbidea; trabaz beterik

Egun, logika kapitalistari jarraituz, emantzipazio prozesua soldataren eta familiaren zuzeneko mendekotasunean oinarritzen da. Merkatuak agintzen du bere osotasunean. Hala, batetik, gazteek bataz beste euren soldatzen %80a bideratu behar dute etxebizitza ordaintzera. Etxebizitzaren prezio izugarri altuek eta oinarrizko eskubide hau negozio iturri bilakatu izana, oztopatu egiten dute guztiz emantzipaziorako aukera erreala; trabaz betetako ibilbidea bilakatu baita.

Bestetik, hutsune horretatik abiatuta, familiaren gaitasun ekonomikoaren arabera (hauei esker) gazte askok gurasoen etxetik irteteko aukera izan dezakete, baina noski, beste askok ez: Baliabide murritzak dituzten familien kasuan edo familia erreferenterik ez duten gazteen kasuan, emantzipazioa ia ezinezkoa da. Gainera, egoera horrek emantzipaziorako eredua bat eta bakarra izatea ekartzen du.

Horren aurrean, gure bizi ibilbideak gure erabakien arabera garatzeko gaitasun erreala behar dugu, ibilbide propio eta anitzak egiteko aukera izan dezagun.

Herri eta eskualdean lan eta bizitzeko aukera, komunitateari errotuta

Aitzitik, arazoa ez da hor amaitzen. Emantzipaziorako ibilbidea jada latza bada ere, badirudi, nor bere herri edo auzoan emantzipatzeko aukera izatea, goi mailako pribilegio bilakatu nahi dutela, gazte guztion bizi prozesu naturala hankaz gora jarriz.

Bada ez. Nor bere herri, auzo eta eskualdean zahartzeko aukera izatea eskubide bat izan beharko litzateke, eta bertan gazteok gure bizitza proiektuak eraiki eta denboran zehar proiektu horiek iraunarazteko baldintzak eraiki behar dira. Herri, auzo zein eskualdea gure ingurune eroso eta irisgarriak izan behar dira, eta guk geuk hautatuak. Honako hau ez da kapritxo bat, Eneko Goia Donostiako alkateak hala uste dezakeen arren. Gure ingurunea ezagutu eta zaintzeko, gure ingurunean bizitzeko aukera errealak sortzea da gakoa.

 

ERAITZ SAEZ DE EGILAZ_EUSKARA:

GURE ALTERNATIBAK ETA PROPOSAMENAK

Gaur gaurkoz, ez dira gazteon emantzipazio ibilbide duinak bermatzen. Eta zein da horren aurrean instituzio publikoek ematen duten erantzuna? Bada ikusi dugu, gazteei zuzendutako eta emantzipazioari buruzko politika publikoak  garatzen direnean, momentuko egoera bat salbatzeko ikuspegitik baino ez direla sortzen. Egiturazko arazo honi errotik heldu eta etorkizunera begirako konponbide bat bilatu beharrean, koiunturazko neurriak baino ez dituzte martxan jartzen, jartzen dituztenean noski. Hala ikusi egin behar dugu nola berez gure emantzipazioa bultzatzera bideratutako diru laguntzak, zeharka bada ere, etxe ugazaben poltsikoetan amaitzen duten, egun indarrean dagoen higiezinen burbuila puztuz eta onartezinak diren prezioak bere horretan mantentzea ahalbidetuz.

Emantzipazioaz letra larriz hitz egin nahi badugu, ulerkera zabaldu eta emantzipazio erreala lortzeko zer behar dugun jakin behar dugu. Logika neoliberal eta espekulatiboa alde batera utzi, eta POLITIKA hizki larriz egiteko garaia da. Gazteak eta gure bizi proiektuak erdigunean jarriz, eta etxebizitzaren egungo errealitate jasanezina irauliz.

Aipatu ditugun abiapuntu eta helburuak kontutan izanda, eta egoera hau eraldatzeko anbizio sendoa izanik, EH Bildutik, honako neurri hauek berehalakoan hartzea ezinbestekoa zaigu. Horregatik, instituzio eta erakunde publikoek ezin dute jarraitu gazteek dituzten nahi eta beharrei muzin egiten, ez eta momentua gestionatzeko ezintasunaren aurrean emantzipazio erreala ez dakarten laguntza hutsalak ematen.

Hori honela, EH Bilduk honako neurri hauek proposatzen ditu enplegu eta etxebizitza arloan instituzio publikoetan berehala aplikatzeko, bizitza duinak eta gure herri eta eskualdeetan bizitzeko eskubidea gauzatzeko helburuarekin:

1.-Gazteek enpleguan pairatzen duten prekarietatea kontutan izanik, instituzio eta erakunde publikoek hori borrokatzeko eta diruz ez laguntzeko hautu irmoa bereganatzea, horretarako:

  • Europako Gutun Sozialaren irizpideak jarraituz, gutxieneko soldata propioa -egun 1.400 euro- sustatzea..
  • Orain arte gazteak enpleguratzeko helburua oinarri hartuta martxan egon diren plan, programak eta pizgarriak berrikustea prekarioak diren lan baldintzak sustatzeko balio izan dutenak bertan behera utziz, eta honako baldintzak ezarriz: 1400 euroko gutxieneko soldata, kontratu iraunkorrak eta lanaldi osoko kontratuak sustatuz.

2.-Gazteek euren ibilbidea alokairuan garatzeko helburua oinarri hartuta eta komunitateari errotuta bizitzeko helburua jarraituz jardutea etxebizitzaren arloan:

  • Alokairu merkatu pribatuko prezioei muga jartzea
  • Norbera bere eskualdean bizitzeko alokairua ordaintzeko soldataren %30a baino gehiago bideratu behar ez izateko neurri zehatzak hartu eta berehala aplikatzea.
  • Alokairu parke publiko egokia eta eskuragarria izan dadin parke hau handitu, administrazioak etxebizitzak lehentasunez erosteko eskubidea garatuz eta hutsik dauden etxebizitzak merkaturatuz.

 

Egoera hau jasangaitza  da. Ezin gara zain eta zain egon. Etorkizuna, gaur hasten dela ulertu behar dugu. Erantzunak behar ditugu, baita instituzio publikoetatik. Emantzipazioa erreala izan dadin, gazteen bizitza duinak bermatzeko eta gure komunitateari errotuta bizitzeko, gure eskualde eta herrietan lan eta bizi nahi dugu. Bada garaia gazteen nahi eta beharrek politika publikoen lehen lerroa har dezaten, EH Bilduk argi du hau lehentasunezkoa izan behar dela.