Gabon garaia hau herritarrek kontsumoa handitzen duten garaia da. Telebista piztea besterik ez dago gure kaleetan zer gertatzen ari den ikusteko: etengabeko publizitate kanpainak, jendeari kontsumitzeko deia eginez. Etxekoei eta lagunei opariak egiteko garaia da hau, baina gure buruari eta herri honi egin diezaiokegun oparirik onena bertakoa eta euskaraz kontsumitzea dela uste du EH Bilduk.
Itxaso Etxebarria EH Bilduren legebiltzaikideak azpimarratu du merkatu “aseezina” dugula aurrean, “erabat desorekatua eta multinazional handien interesen menpe dagoena”. Merkatu global hori inportatzen ari garela dio Etxebarriak, gure denda txikiak ixten ari diren bitartean, eta gure artisautza eta tokiko eta hurbileko produktuak industrializazioaren aurrean amore ematen duten bitartean. “Multinazionalak, erabat estandarizatutako produktu horiek iraunkorrenak eta pertsonalizatuenak direla sinestarazi nahi digute. Produktu horiek gabe bizitzea ezinezkoa dela pentsarazten gaituzte. Gure bizitzetan halabeharrez behar ditugula”.
Baina benetan behar duguna gure kaleak bizirik mantentzea dela azpimarratu du, eta kontsumo “arduratsua” egiteko gonbita egin du. “Kale biziak behar ditugu. Tokiko merkataritza dutenak, tokiko produktu jasangarri eta kalitatezkoak saltzen dituzten dendaz beteak”.
Naiara Fernandez EH Bilduren legebiltzarkideak sektore honen dimentsio ekonomikoa ekarri du gogora. Aipatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan 36.000 enpresa txiki daude eta 135.000 langile. Euskal Autonomi erkidegoan %11,5eko Barne Produktu gordina da. “Tokiko merkataritza gainbeheran dago. Gero eta denda txiki gehiago ixten dira, belaunaldi aldaketaren falta dago, saltoki handiekin lehiatu beharra, sektorearen nahitaezko eraldaketa digitala eta online salmentaren arteko bizikidetza baten aurrean gaude”.
Kontsumitu aurretik, norberaren buruari galdera hau egiteko deia egin du Etxebarriak: “Galde diezaiogun gure buruari non ekoiztu edo sortu den erosten duguna, zein baldintzatan fabrikatzen, garraiatzen eta banatzen den. Hausnartu dezagun ea guretzat aldarrikatzen ditugun gizarte, lan eta ingurumen baldintzak oparituko dugun produktu bakoitzaren ekoizpen eta banaketa prozesuetan betetzen diren”.
Euskal kulturari bultzada
Gurea dena, bertakoa eta euskaraz. Hori kontsumitzearen aldeko eskaera egiten die EH Bilduk euskal herritarrei. Bere dimentsio ekonomiko eta sozialagatik, eta baita ere euskarari eta euskal kulturari eman diezaiokegun bultzadarengatik. Josu Aztiria EH Bilduren legebiltzarkideak euskal kulturak “kontsumoa arduratsua” behar duela nabarmendu du. Egunotan, Durangoko Azoka egiten ari da. Euskal kulturaren topagune nagusia da, baina hori igandean amaitzen dela gogoratu du eta euskal sortzaileek sortzen jarraitzen dutela urteko gainontzeko egunetan. “Arduratsua izateak esan nahi du enpresa handien bulegoetatik agintzen diguten kontsumoaren aurrean errebelde izan eta gure kultur sistemari haizea ematea. Arduratsua izatea da gure inguru hurbiletik kontatzen eta kantatzen digutenekin gozatzen ikastea”.
Modu horretara, euskaraz erosteko deia egin du Aztiriak. “Kontsumitu arduraz. Erosi euskaraz. Oparitu euskarazko liburuak, komikiak, musikak. Kulturak egiten gaitu-eta. Gure kulturak merezi du”.