AKTUALITATEA

Aurrekontuak | 2024-10-31

Pello Otxandiano:

Soberan demostratu dugu kooperaziorako aukera ematen denean EH Bilduk erantzukizunez jokatzen duela herri honekiko eta herri honek dituen erronkekiko. Baina, horren aurrean, gaurko osoko bilkuran ikusi dugu, osasunarekin lotutako gai baten, Osasun Mahaian onartutakoarekin bat zetorren proposamen bati nola erantzun zaion. Emergentzietako egoera bati erantzun eta publifikazioan bide bat abiatzeko aukerari uko egin zaio.

Erretorikatik ekintzetara pasatzeko unea da. Erretorikarekin koherenteak diren ekintzak behar ditugu. Horrek balio du esku artean ditugun gai nagusientzat.

Fiskalitatearen inguruko atzo iragarritako akordioa iragarpen huts bat da. Ez dakizkigu termino zehatzak, ez dakigu zer adostu duten. Baina badago prentsa ohar bat non erretorika bat jasotzen den. Hau ez da erretorikarako momentua. Hau ekintzetara pasatzeko momentua da. Aurrekontu proiektua aurkeztu du gobernuak, eta proiektu hori beti da onena, aurreko urtekoa baino handiagoa. Beti dauka antzerako erretorika bat. Baina hau ez da erretorikarako momentua, baizik eta ekintzetarako momentua da.

Ez dugu aurrejuzgurik egiten. Ez dugu aurrejuzgurik egingo ez fiskalitateari dagokionean ez eta aurrekontuei dagokienean. Oraindik ez dugu ezagutzen zer den adostu dutena fiskalitatean. Ezagutzen dugunean, baloratuko dugu eta jakinaraziko dugu zein den gure iritzia. Oraindik ez dugu denborarik izan aurrekontu proiektua aztertzeko. Beraz, ondo aztertzen dugunean egingo dugu balorazioa. Ez dugu aurrejuzgurik egingo, eta egin ahal izango genituzke eta interpretazioak. Fiskalitateari dagokionez, beste notizia bat ere egon zen Espainiako Kongresuan: bankaren irabazien gaineko zerga bertan behera utzi zuela Gobernuak EAJ eta Juntsen eskaerari jarraiki. Eta norbaitek interpretatu ahal izango luke atzoko prentsa oharra izan zela kontraprestazio bat EAJk PSEri eskainia.

Egiteko moduari dagokionez, badugu zerbait esateko. Atzo aurkeztu zena da paktu global bat, hiru herrialdeei eragiten diena. EAJk eta PSEk egin dute akordio politiko bat hiru batzar nagusietan onartzeko norma foral bat. Duela 15 egun, Lehendakariak berak, etxe honetan bertan, esan zidan niri hiru herrialdeetako eta lau instituzio nagusietako politika publikoak harmonizatzeko proposamena zela edo ezezagutza edo, are okerrago, errespetu falta sistema instituzionalarekiko. Eta, atzo bertan, EAJk eta PSEk aurkeztu zuten paktu global bat fiskalitateari eragiten diona. Hori oso deigarria egin zaigu aste honetan.

Baina badaukate arazo txiki bat: hiru herrialde hauetako borondate demokratikoa. Horren ondorioz, ez dute gehiengorik ez Gipuzkoan eta ez Araban. Beraz, hirugarren baten parte-hartzea behar dute erreforma fiskala onartzeko edo aurrekontuak onartzeko. Erreforma fiskala bezalako sakonera politiko handiko erabaki bat ezin daiteke hasi EH Bildu gabe, EH Bilduk irabazi zituelako azken hauteskundeak Gipuzkoan eta Araban. EH Bilduk hor egon behar. Harmonizatu behar baditugu diru publikoak bai diru-sarrerei eta bai gastuari dagokionez, has gaitezen hitz egiten. Zein da arazoa ez hitz egiteko? Zergatik ez hasi hitz egiten erreforma fiskalaren inguruan gehiengoak osa ditzakegun alderdien artean? Edo zaintzari dagokionez, trantsizio ekosozialari dagokionez… Hori da guk egin dugun proposamena. Beraz, elkarrizketarako eta negoziaziorako deia egin nahi diegu.