AKTUALITATEA

| 2025-04-14

EH Bilduk omenaldia egin die gaur, apirilak 14, frankismoaren eta errepresio faxistaren Nafarroako biktimei, eta ekitaldi politikoa egin du Sartagudan, berdinen arteko Euskal Errepublika aldarrikatzeko. Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako bozeramaileak bere hitzaldian ohartarazi duenez, “mundu mailan bizi den ziurgabetasunaren aurrean, gerra-danbor eta diskurtso faxisten doinuen aurrean”, herritarrek “ziurtasuna ekarriko duten proposamen sozial eta politikoak” behar dituzte, eta ez “munduko eliteak proposatzen ari diren jarrera militaristak”. “Gaur hemen gaude langileen eta herri-klaseen interesetarako balio duen proiektua berdinen Euskal Errepublika dela defendatzeko”, adierazi du.

“Egun hau ospatzen dugu, askatasunaren eta justiziaren alde, eta, azken batean, balio errepublikarren alde bizia eman zuen jendearen oinordeko politikotzat hartzen dugulako geure burua. Balio hauek dira, besteak beste: berdinzaletasuna, justizia soziala, herrien nortasunarekiko eta erabakitzeko eskubidearekiko errespetua, giza eskubideak, arlo publikoaren aldeko apustua, eta beti komunitatearen interesa lehenestea”, adierazi du Aznalek. “Gernikako seme-alabek eta Sartagudako alargunen bilobek badakigu zigor kolektiboek zer dakarten”.

Bestalde, alargunen herriko hilerriko panteoiaren aurrean, Sartagudako zinegotziek 36an hildako herriko 86 bizilagunak gogoratu dituzte. “Motozerra eta martxa militarren garai hauetan, Sartagudako eraildakoen eta alargunen adibidea inoiz baino beharrezkoagoa da. Batzuek jakin zuten justizia sozialaren eta askatasunaren balioak praktika zehatz bihurtzen, bizi behar izan zituzten bidegabekeriei aurre egiteko, eta alargunek jakin zuten oroimenaren garrantzia transmititzen drama haiek berriro errepika ez daitezen”, defendatu dute.