AKTUALITATEA

| 2022-07-29

Pello Otxandiano EH Bilduko Programa Zuzendariak, Eusko Jaurlaritzak Aldundiekin batera atzo aurkeztutako inflazioaren eragina murrizteko neurrien paketearen balorazioa egin du.

Nabarmendu duenez, neurri paketeari dagokionez, Otxandianoren ustez, gaur egun, Jaurlaritzaren partetik ez dago bizi dugun testuinguru ekonomikoaren gaineko analisi estrukturalik, eta ez dago epe ertain-luzeko ikuspegirik. “Lehendakariak berak esan zuen neurri hauek koiunturalak izateko asmoz hartu direla. Gobernu hau agortutako gobernu bat da, efektu kolpe bat bilatzen duena etorkizuna prestatzeko balio behar diguten neurriak hartu beharrean”.

Zentzu horretan, eta neurriei lotuz, deflaktazioa, planteatu den eran, neurri erregresiboa dela deritzo: “Hau da PPk adierazi dion bidea”, ohartarazi du.

“Azterketa bat jarri dugu mahai gainean, eta uste dugu egokia izan dela azken asteetako gertaeren garapenaren eta udazken honetarako proiekzio ekonomikoen argitan: ez gaude krisi koiuntural baten aurrean, ezin zaio une honi aurre egin aldi baterako egoera balitz bezala; konbultsio ekonomiko handiek markatutako garai historiko berri batean murgildu gara, ezin diogu aurre egin une honi errezeta ekonomiko konbentzionalen bidez, eta mirari batek aurreko normaltasunera itzultzea espero”.

Horregatik, etorkizuna prestatu behar dela azpimarratu du: “Inertzien kudeaketan tematzea agortu den eredu baten agonia luzatzea da, eta aukerak galtzea. Geroz eta beranduago zuzendu norabidea okerragoa izango da”.

Egoera horren aurrean, etorkizunari gutxieneko bermeekin aurre egin ahal izateko, bi tendentzia itzuli behar direla arrazoitu du:

- Zerbitzu publikoen degradazioa.

- Desberdintasun sozialen areagotzea.

“Nahiko argi dago inflazio handiaren arrazoi nagusia gerraren ondorioz eman den eskaintzaren ahultzea izan dela bai eta energia-baliabide fosilen inbertsioa eta ekoizpena uzkurtzea. Inflazioaren arazoaren konponbide nagusia izango litzateke energiaren prezioak kontrolatzea, eta, jakina, espekulazio hutsak estututa, bidezko arrazoirik gabe garestitzen diren produktu eta zerbitzu guztiak kontrolatzea. Lehen neurria: sektore energetikoan interbenitzea: energetiken irabazien gaineko zerga”.

Orain arte kontsideratu nahi izan ez diren neurriak, ongizatearen oinarri materialak bermatzeko helburua izango dutenak_

- Enpresen irabazien inguruko ariketa.

- Gutxieneko soldataren igoera.

- Etxebizitzen alogera prezioen interbentzioa.

- Inbertsio politika birplanteatzea.

Azkenik, Otxandianok salatu egin du, neurri pakete hori aurrera ateratzeko ez dutela inorekin hitz egin eta jarrera horren aurrean, lehen aipatutako bi tendentziak itzultzeko ongizate hitzarmen handi bat aldarrikatu du.