AKTUALITATEA

| 2022-03-30

EH Bilduk "Euskal Eredua, un país mejor" izeneko bide orria aurkeztu du gaur Bilboko Euskalduna Jauregian. Bertan, etorkizunera begirako erronkak azaldu dituzte Pello Otxandiano Progama Zuzendariak, Aizpea Otaegi Oreretako alkateak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.

Hasteko Otxandianok hartu du hitza eta Euskal Eredua bide orriaren nondik norakoak azaldu ditu:

"Datozen urteetan hartzen diren eta hartzen ez diren erabakiek gure eta etorkizuneko belaunaldien ongizatean eragin determinantea izango dute. Aurten jaioko diren haurrak 2040an iritsiko dira adinez nagusi izatera. Ordurako Euskal Herria sakonki eraldatuko da termino sozial, ekonomiko zein kulturaletan. Etorkizuna prestatu egin daiteke, halakoa edo bestelakoa izan dadin eragin dezakegu.

Egoerei aurre hartzea gakoa da aldaketa aro honetan. Bisio estrategikoa aktibatzeko garaia da, halabeharrez, erreakzionatzeko momentua. Euskal Herria 2040an nolakoa nahi dugun irudikatu eta gaurtik martxan jarri beharreko eraldaketa prozesuen protagonista izatera deituak gaude.

Belaunaldi arteko langintza da honako hau. Nork bere lekua du hemen, inor ezin da kanpo gelditu. Gazteek etorkizun baikor bati ateak zabaltzeko ardura dute, adin ertainean daudenek beren bizitzen aldirik emankorrena eraldaketa aldi honi eskaintzeko aukera, adinez nagusi direnek belaunaldi berrientzat itxaropena borrokatzeko parada".

Horri erantzuteko, EH Bilduk, bost erronka planteatzen ditu:

1.- Burujubetza estrategikoa indartu

2.- Ongizate egiturak eraldatu

3.- Ezagutza sistemak berritu

4.- Identitate komunitarioa sendotu

5.- Segurtasun eredu propioa garatu

Ondoren, Aizpea Otaegik, EH Bilduko udalen izenean, nahi denean, beste eredu politiko bat garatzea posible dela agerian utzi du:

"Ikusi ditugun udalgintzako adibideek, politikaren esparrua edozein dela ere, gobernantza-eredu jakin bat dute oinarrian, udalgintza herrigilea deitzen duguna, esaten dugun horretan baino, egiten dugun horretan eta egiteko horren nolakotasunean oinarritzen dena. Eta, lau zutabe aipatuko ditut.

1. Herritarrekin eta eragileekin harremanak indartzea eta elkarlanean jarduteko espazioak zabaltzea

2. Herritarren ekimenari, ekarpenei, proposamenei bide emateko baldintzak ahalbidetzea

3. Kohesioa lantzea, gutasuna, komunitate bakarra garenaren ideia

4. Desberdinekin lan egitea, batzen gaituzten elementuen gainean adostasunak bilatuz

Azkenik, Otegik borobildu du ekitaldia. Bertan honako gako hauek nabarmendu nahi izan ditu:

"EH Bildu konsziente da ezinbestean auzolanean egin beharreko bidea dela egin beharrekoa, eta horrek gure sigleetatik haratago dijoazten esparruak eraikitzea eskatzen duel . Hemen herri proiekto bat da zutik jarri behar dena.

Herri hau ez delako errenditzen, ez delako autokonplazentzian eroriko, ez dagoelako salgai. Gure bertsiorik hoberena emateko parada heldu zaigu berriz ere. Ez da makalekoa egin beharrekoa, ez da makalekoa Euskal herria. Hau esperantzarako, erradikaltasunerako, konpromisarioko eta konplizitaterako dei bat da Euskal Herria mugarik gabe gurekin batera eraiki nahi duten guztientzat".