AKTUALITATEA

Aurrekontuak | 2024-10-11

Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko oposizio buruak aurrekontuen inguruko akordio orokor bat helarazi dio Imanol Pradales lehendakariari, Eusko Jaurlaritza eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiak batuko lituzkeena. Otxandianok gaur goizean Gasteizko Legebiltzarrean egindako kontrolerako osoko bilkuran egindako hitzartzea erabili du EH Bilduren proposamen hori Pradales lehendakariari helarazteko, eta lau erakunde horiek sostengatzen dituzten bi alderdiei zuzenduta dago: EAJ eta PSE.

Aurrekontuen inguruko akordio hori lortzeko negoziaziorako deia egin die Otxandianok EAJri eta PSEri, herri honen zati honetako lau erakunde nagusiak bilduko lituzkeena. «EH Bilduk lau erakundeen aurrekontuak babestuko lituzke, baldin eta horietako bakoitzak alderdi politikoei dagoeneko helarazi dizkiegun proposamenak nahikotasunez aintzat hartuko balitu; datozen egunetan joango gara zehazten alderdiei helarazitako proposamenak», esan du Otxandianok Eusko Legebiltzarreko kontrolerako osoko bilkuran.