AKTUALITATEA

| 2023-09-19

EH Bilduk harrituta hartu ditu Albares ministroak Bruselan egindako adierazpenak. Pernando Barrena EAEko ezker subiranistak Europako Parlamentuan duen ordezkariak adierazi duenez, Kongresuan euskara, katalana edo galiziera lehen aldiz erabil zitezkeen bitartean – "2023ra arte itxaron behar izan dugun anakronismoa da" –, Europan Espainiako Estatuko jarduneko gobernuak katalana euskararen aurretik lehenestea erabakia hartu du.

Barrenaren ustez, Espainiako gobernuak "taktizismora" jokatu du gaur Bruselan, katalana gainerako hizkuntzen aurretik jarri baitu, "begien bistakoa baita estatuen Europa honek aitzakia teknikoak jartzen dituela bere baitan biltzen duen errealitatearekin ez aberasteko. Horrek agerian uzten du, era berean, herrien Europa izatea ezinbestekoa dela".

Zentzu horretan, "espero dugu jarduneko Espainiako Gobernuak Europako estatuen aitzakia berberak ez erabiltzea gaur egun Espainiako Kongresuan egia bihurtu den eta arazo teknikoekin zerikusirik ez duen zerbait ezartzeko, eta borondate politikoa izan dezala bere errealitate soziopolitikoarekin zerikusia daukan hori ezartzeko”.

Bestalde, Barrenak gogorarazi du hizkuntza baten tamaina, hiztun kopurua, aitzakia baino ez dela, gaur egun euskara baino hiztun gutxiago dituzten 3 hizkuntza ofizial baitaude: maltera, gaelikoa eta luxenburgera. "Horrek berretsi egiten digu Europar Batasunean euskara ofiziala izatea eta euskal hiztunek beren eskubideak babestuta izatea nahi badugu, estatu propioa behar dugula".