AKTUALITATEA

| 2021-03-29

MasMovilek Euskaltel erostea albiste txar-txarra da euskal gizartearentzat. Oso kolpe latza euskal ekonomiarako.
Gaur egun telekomunikazioen sektorea estrategikoa da edozein herritan, eta operazio honekin herri honek erreferente bat galtzen du. Erabakigunea galdu dugu estrategikoa den sektore batean, eta hori oso larria da.
Ezin da esan MasMovilek Euskaltel erostea albiste ona denik, Jaurlaritzak egin duen moduan. Sekulako arinkeria eta arduragabekeria da hori esatea.
Jaurlaritzak holakoak esateak ez gaitu harritzen, dena den. Atzo gauean ezagutu genuen operazioa Euskaltelen pribatizazio prozesu luzearen azken mugarria izan da, EAJk hasiera-hasieratik babestu eta bultzatu duen prozesua, alegia.
Ezin dugu ahaztu Euskaltel diru publikoarekin sortu zela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren diruarekin, eta onartezina da esfortzu publikoa azkenean esku pribatuetara pasatzea. Euskal Herriak diru publikoarekin finantzatutako sarea galtzen du operazio honekin.
EH Bilduk Euskaltel betirako galtzeko arriskuaz ohartarazi du behin eta berriz, eta Jaurlaritzaren ukoarekin topatu gara beti. Arantxa Tapia sailburuak eta Urkullu lehendakariak berak Euskaltelen etorkizuna bermaturik zegoela ziurtatu digute behin baino gehiagotan, ez zegoela erreferente hori galtzeko arriskurik. Denborak arrazoiak eman eta kentzen ditu. Gaur argi dago nor ari zen gezurretan.