AKTUALITATEA

| 2022-04-25

EH Bilduko ordezkariek Ukrainako gerraren aurka Euskal Herriak Gerrarik Ez! Plataformak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitutako mobilizazioetan parte hartuko dute bihar. Ezker subiranistak elkarrizketaren eta diplomaziaren aldeko apustua egin du gerrari amaiera emateko. Zentzu horretan, Euskal Herriak ez duela gerra egituretan parte hartu nahi gogorarazi du, bere garaian demokratikoki adierazi zuen bezala. Euskal Herriak elkarrizketa eta akordioa nahi ditu, azken hamarkadan modu masibo eta praktikoan erakutsi duen bezala.

Errusiak Ukrainaren aurka egindako erasoa gaitzesten du EH Bilduk, eta eraso horren aurrean gerra gelditzeko eskatzen du. Bakea elkarrizketaren bidez lortzea nahi dugu, eta herrien bizitzak eta subiranotasuna errespetatzea.

Bakea behar dugu eskubide guztiak pertsona guztientzat posible izan daitezen. Eta hemengo bakea ez dadila eraiki beste leku bateko gerraren gainean.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk bat egin du Euskal Herriak Gerrarik Ez! Plataformak deitutako mobilizazioekin. Eta bere ordezkariek bihar, 19:00etan, lau Hego Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartuko dute.