Europako transposizioa onartzeak diskriminazio batekin amaitzen duela nabarmendu du EH Bilduk. «Urteetako salbuespenarekin amaitzeko ordua da. Gorrotoan eta mendekuan oinarritutako politikek ez dute lekurik. Baldintzak gogortzeko eta eskubideak ukatzeko egindako legeen aroa amaitu da». Hala ziurtatu du EH Bilduko Senatuko bozeramaile Gorka Elejabarrietak astelehen honetan Senatuan eginiko eztabaidan.
Indar subiranistako senatariak argudiatu du transposizioak Europako lege esparru bera onartzea ekarriko duela: Espainiako legedia Europakoarekin bat egitea preso dauden guztiek baldintza eta berme berberak izatea eragingo du. «Bai, euskal preso batzuei ere aplikatuko zaie, gainerako presoen eskubide berberak merezi dituztelako. Ez gehiago, ezta gutxiago ere. Europak pertsona hauentzat aitortzen eta ezartzen dituen eskubideak errespetatzen baditu legeak, ongietorria izango da».
Biktimen erabilera
Elejabarrietaren hitzetan, preso guztien eskubideak zaintzea da aurrera egiteko eta biktima guztien memoriari errespetua adierazteko modurik onena, «manipulaziorik eta mendeku mezurik gabe eta politikoki erabili gabe», egunotan gertatu den bezala.
«Noiz onartuko duzue duela hamarkada bat baino gehiago gure herrialdearen historian kapitulu berri bat idazten hasi ginela? Noiz onartuko duzue euskal gizarteak urteak daramatzala bakearen eta elkarbizitza eta memoriaren eraikuntzaren bidean?», galdetu dio PPri.
Aho batez onartua lau aldiz
Senatari subiranistak gogorarazi duenez, legea Senatura iritsi da Kongresuan lau aldiz aho batez onartua izan ostean; are gehiago, Senatuan ez da betorik ezta zuzenketarik ere aurkeztu. Elejabarrieta harrituta agertu da PPren jarrera aldaketaren eta azken egunotan emandako bertsio inkoherenteen aurrean.
«PPko senatari jaun-andreok, sinetsarazi nahi diguzue 137 diputatuetatik bakar batek ere ez zuela irakurri bozkatzen ari zinetena? Ez senataririk ezta aholkulariek ere, inork ez zuela irakurri? Ezta kabinete juridikoak ere ez?», nabarmendu du Elejabarrietak, eta PPri leporatu dio lobby mediatiko, judizial eta politikoen presioaren aurrean «ohi bezala» amore ematea.
Europako aginduei entzungor
Espainiako Gobernuak «engainatu» egin zituela eta «haien ezagutzarik gabe» egin zela ziurtatzen duten bitartean, nahikoa zen izenburua irakurtzea. «Lau aldiz bozkatu duzue testuaren alde Kongresuan. Justizia Batzordeko zuen bozeramaileak ere esan zuen legea beranduegi iritsi zela», gogoratu du. Azken finean, Elejabarrietak salatu du eskuinak entzungor egin nahi diela Europako zuzentarauei, helburu bakar batekin: «Euskal presoei legez kanpo zigorrak luzatzeko».
Azkenik, EH Bilduren Senatuko bozeramaileak errepaso historikoa egin du, eta arauaren jatorrira jo du, 10 urte atzera eginez: «2014an PPk legea aldatu zuen Europako araudia euskal presoei ez aplikatzeko. PPk tranpa egin zuen, eta benetako lardaskeria juridiko eta legegilea egin zuen, arauaren izpirituaren aurka eginez argi eta garbi». Europako transposizioa onartzeak, hain zuzen ere, erabaki hori irauliko du.